SUPER AMARA Bera Berako entrenatzaile Imanol Álvarezek deialdian Maitane Etxeberria, Nora Azurmendi eta Malen Morandeira jubenila sartu ditu bihar Canyamelar Valencia Bidebietan (18etan) hartzeko Millán eta Quintanar (Catalunya) epaileen zuzendaritzapean.
Guerreras Iberdrola Liga lehiaketara itzuliko da Frantziako Eurokopa ospatu eta gero. 2000. urteaz geroztik ez zela abenduan jardunaldirik eta itzuleran gipuzkoarrek garaipen bidera bueltatu nahi dute Canyamelar Valencia azkenaren aurka, lehengo larunbatean Helvetia Alcobendasekin berdindu zuen aurreratutako jardunaldian.
Imanol Álvarezek aurkeztuko dituen hiru nobedadeak egoera ezberdinak dituzte. Batetik, Maitane Etxeberriak Superkopa eta Polonian Txapelduen ligako atarikoa jokatu zituen, baina azken honetan behatza apurtu zuen, abenduaren hasiera arte ez du altarik jaso, Frantziako Eurokopa galduz.
Nora Azurmendi, bestetik, eskuin sorbaldan izan zuen ebakuntza ekainean. Oraindik ez dago guztiz ondo baina defentsan aritu daiteke. Donostiarra “gogotsu” dago, harmailan pistan baino gehiago “sufritzen” duela onartu du eta “iazko denboraldi amaiera bizi izan nuen aurtengoa sakrifikatuta”.
Azkenik, lehen urteko jubenil maila jokalari Malen Morandeirak ohorezko mailan debuta egin dezake. Egun Lacturale Bera Beran aritzen da Euskal Ligan, Espainiako jubenil mailako selekzioak ere deitu izan du eta Super Amara Bera Berarekin Frantziako txapelketan izan zen. Urnietarrak urrian 16 urte bete zituen.