SUPER AMARA Bera Berak DKKA Dunaújváros izango du aurrean R3 txandan, EHF Cupeko multzoen fasean aritzeko azken kanporaketa. Hungarian jokatuko da gaur joanekoa – (17etan www.eitb.eus)- eta itzulera Donostian (azaroaren 18an, 12etan ETB1).
SUPER AMARA Bera Bera atzo iritsi zen Dunaújvárosira eta gaur goizean burutu du entrenaldia Sport Hallen.
Egutegi erosoagoa dela eta, DKKA Dunaújváros taldeak ligako azkeneko bi partidak irabazi ditu, egun bere egoera erosoagoa izatea lortu du eta EHF du hizpide orai. Izan ere, Txapeldunen ligako irabazle Györi, Nerea Penaren FTC edo Mireya Gonzálezen Siófok taldeen aurka amore eman behar izan zuen eta urrian lortu zuen aurreneko garaipena.
Eskarmetuzko jokalariak eta gazteak
Tomasevic atezaina da jokalaririk ezagunena 201-11 denboraldian Bera Beran aritu zelako, halere Menéndezekin baino ez zuen toporik egin. Serbiarrak (34 urte) duen eskarmentuaz aparte, Szalai zentrala (28 urte) talde honen burua da, defentsan aritzen den Cifra (29 urte) eta eskuin hegalean Kazai (30 urte) esperientzi gehien duten jokalariak dira. Gazteen ekarpen handia du Dunaújvárosek: Szalai ondoan dira erasoari abiadura itzela eman nahian, batez ere, Szekerczés (24 urte) goreneko selekzioko eskuin albokoak, jaurtitzailea eta ezker albokoan Ferenczy (22 urte). Hortaz gain, abiadura ere hegaletan: Grosch (21 urte) ezkerrean eta Kazai bera, pibotean Sirian internazionala (24 urte) dagoelarik. Hortaz gain, eserlekuan badu nor atera László György entrenatzaileak. Esate baterako, 19 urterekin Klujber –junior mailan Urrea lortu zuena Mundialean-, 22 urteko zentralak Bouti eta Molnar, 23 urterekin Dombi pibota eta Nick (23 urte) ezker alboko jokalaria. Csapo (25 urte) atezainak Tomasevic ordezkatzen du.
Espainiako ligan ez bezala, Dunaújvárosen azkeneko partida azaroaren 3an izan zen, hortaz, burubelarri dago EHFko bi partidak prestatzen, izan ere, abenduaren azken asteburura arte ez baitu hitzordurik. SUPER AMARAk aldiz asteazkenen KH7 BM Granollersen aurka partida estua jokatzeaz gain, Hungariatik etorri eta handik hiru egunetara Elxen jokatuko du. Bielorrusiako epaile Dzmitry Nabokau eta Siarhei Kulik zuzenduko dute larunbateko partida, www.eitb.eus bidez ikusgai izango da.