Imanol Álvarez eta Alba Menéndez, SUPER AMARA Bera Berako entrenatzaile eta kapitaina komunikabideen aurrean agertu dira gaur Bidebietan “sinistuta Europako kanporaketa gainditzeko aukerak ditugula” Hungariako DKKA Dunaujvarosi taldearen aurrean. Joanekoa larunbatean 17etan (eitb.eus) eta itzulera Gascan 18an (13etan, ETB1).
Komunikabideek, jakina, atzoko garaipenaz ere galdetu dute, KH7 BM Granollers gol bakar batez mendean hartu baitzuen SUPER AMARAk. “Sufritu genuen baina horrela amaituz gero bejondeigula” hasperen egin du Imanol Álvarezek, “minutuak izan ditugu partida lehendik erabakitzeko baina akats batzuk galerazi digute eta azkenen aurpegi ona atera arren txapona airera bota dugu”.
SUPER AMARAko entrenatzaileak berretsi du “bospasei talde sailkapen goreneak egongo gara amaiera arte, hortaz, partidaz partida garaipenak pilatzen joan behar dugu, hurrengoa Elxen. Irabaziz gero Rocasa – Guardés elkarren aurka arituko dira eta puntuak utziko du norbaitek”.
EHFko kanporaketa ondo etorriko zaio taldeari “Ligan dugun estresa kentze aldera”. Álvarezek azpimarratu du “Hungariako liga indartsuan aritzen den taldea bada ere, kanporaketa ilusioz hartuko dugu klubarentzat historikoa izan daitekeen erronka zortzi egunetan lortzeko aukera dugulako”. “Kluba moduan hazi nahi badugu, partida hauek jokatu behar ditugu ikasteko eta hobetzeko” dio.
Kanporaketa gainditzeko ikusten dituen aukeraz galdeturik, Álvarezek uste du “baietze, ahal dugu”. “Ehuneko ehunean prestatuko dugu partida, ez da tramitea guretzako, zaila izango dela jakin arren, baina guk guztia emango dugu, nire ustez ondo egingo dugu eta, zergatik ez, multzoen fasera pasa”. Bere ustez, EHF Cup lehiaketak “gure defentsa eta eraso jokuentzat ondo datorkigu, taldea ondo moldatuko da Europako jokora”.
Alba Menéndez ados da entrenatzailearekin. Onartu du Europa “azken urteotako arantza da” baina taldea “irabazteko gai dela uste du, ez da erraza izango, maila honetan aurkari errazak ez daudelako”. Bere ustez, “gure defentsa den moduan erakutsi dezakegu Europan eta intentsitate handiz aritu; erasoan, berriz, gure joku azkarrak mina egin dezake”.
Imanol Álvarezek Hungariako Dunaujvarosi deskribatu du. “Talde ona da, orain eroso dabil irabazten ligan. Kontraeraso jokua gustoku dute, bere pistan zaila izango da baina gure bertsiorik onena espero dut”.