super amara Bera Berako Jon Begiristain entrenatzaileak Oñatira prest dauden lehen plantillako 14 jokalari eta Oihana Murgiondo eramango ditu, Aloña Mendiren 50. urteurrena dela-eta Replasa Beti Onakekin jokatu beharreko azken lagunartekoa.
Entrenatzaile usurbildarrak jokalari guztiak jokatzeko prest izango ditu lehen aldiz, hau da, Karsten eta Somaza jokalarien bajen jakitun, Alexandra Shunuk minutuak izango ditu, eta prest ditu ere bai Maitane Etxeberria eta Elba Alvarez. Hegalekoak ez zuen Egiakoa jokatu eta zentrala Dijonen aurka izan zen baja.
Begiristain “pozik” agertu da denboraldiaurrea nola igarotzen den ikusita, eta hasperen egin du Shunu taldearekin bat egin duelako. Angolarrak “lehen lerroko postu guztietan lagunduko digu”, eta baieztatu du “Oñatin minutu dezente” jokatuko dituela, taldekideek ondo hartuko dutela, dagoeneko hainbat partida pilatu baitituzte.
Replasa Beti Onak izango da aurkaria Guerreras Iberdrola ligako lehen partidan (irailaren 9an, 19,30etan sarrerak salgai), hala ere, super amara Bera Berako entrenatzailearen iritziz, “jokoan punturik ez dagoenean probak egiten saiatzen gara, eta ziur nago biharko neurketak zerikusi gutxi izango duela Gascakoarekin”.
Ondorioz, super amara Bera Bera honako taldearekin joango da Oñatira: Prades eta Balzinc atezain, Etxeberria, Erauskin, Amores eta Louis hegaletan; Gavilan eta Fonkeng pibotean eta Arroyo, Alvarez, Kruijswijk, Ishikawa, Fresco eta Shunu lehen lerroan.
Eider Tapiari ebakuntza egin diote
Bestalde, Eider Tapia piboteari ebakuntza egin diote gaur goizean Gipuzkoako Poliklinikan, eskuin belauneko barneko meniskoa konpontzeko. Dirudienez, operazioa arrakastatsua izan da.
































