Denboraldiaurreko azken bi partidei aurre egiteko, super amara Bera Bera Villacelamako Summer BAG 2025era 16 jokalarirekin abiatuko da bihar Autocares Davidekin, Elene Fresco jubenil mailako jokalaria nobedadea delarik. Donostiarrek Caja Rural Aula Valladoliden aurka jokatuko dute (ostiralean, 18:30etan), eta bigarren finalerdia (20,30etan), Mecalia Atletico Guardesek eta Costa del Sol Malagak jokatuko dute, andaluziarra zazpigarren edizio honetako talde gonbidatua da.
Abuztuko torneorik onenetakoa izango da Summer BAG 2025, joan den denboraldiko liga erregularreko lehen hiru sailkatuak hartuko baititu. super amara Bera Berak lau garaipen lortu ditu orain arte beste horrenbeste lagunartetan, Replasa Beti Onak bitan garaitu du, horrez gain, Grafometal La Rioja eta Mecalia Atletico Guardes. Gipuzkoarrek baldintza onenetan iritsi nahi dute Guerreras Iberdrola Ligako lehen partidara -abuztuaren 30ean, 19etan, Gascan, Conservas Orbe Zendal Porriñoren aurka- eta Iruñeko Anaitasuna pabiloian irailaren 5ean eta 6an jokatuko den Iberiar Superkopara ere bai.
Imanol Alvarezen iritziz, Summer BAG txapelketari “etekina ateratzen diogu”. Gainera, lehiaketa ofiziala hasi aurreko azken partidak izanik, “beste modu batera jokatzen da, gure lehian egongo diren taldeak direlako”. Lehen aurkari Caja Rural Aula Valladolidi buruz, entrenatzaileak uste du “asko aldatu arren, Aulak beti duela korrika egiteko eta azkar jokatzeko zigilua”. Eta bigarren partidari dagokionez, garrantzi handiagoa ematen dio “nola errekuperatzen dugun eta nekatuta egonda nola lehiatu ikusteari, hori baita urtean zehar egokituko zaiguna”.
super amara Bera Berako entrenatzaileak denboraldiaurrearen “balantze positiboa” egin du. “Hasieratik taldea sendo ikusten dut, eta hori seinale ona da”. “Egia da automatismoak falta direla – jarraitzen du –, neskak oso ondo ari dira lanean, nahiz eta beti partida ofizialek sortzen duten ziurgabetasuna izan”. Era berean, “pozik” dago lau jokalari berriekin. “Hiru ezagutzen genituen, beren joko estiloaren arabera fitxatu genituelako, ulertu dute eta ondo moldatzen ari dira; Lisannek (Kruijswijk), berriz, ezaugarri egokiak ditu gure jokorako”.
Imanol Alvarezek aste honetan taldearekin entrenatzen hasi den eta Villacelamara joango den Elene Fresco zarauztarra ere izan du hizpide. “Beti neska gazteetako bat sartzea nahi dugu, gurekin bidaiatzea, gurekin egon, ahal dela minutu batzuk jokatu eta gure taldeko partaide sentitzea”. Partidak streaming bidez eskainiko dira.