super amara Bera Berak baieztatuta ditu EHF European Leagueko kanporakeko datak, JDA Bourgogne Dijon Handball frantziarraren aurka jokatu beharrekoa. Joaneko partida azaroaren 8an izango da, larunbata, Josean Gascan, 18etan (ETB4), eta itzulerakoa, berriz, azaroaren 16an, igandean, 17etan, Palais des Sports JM Geoffroyn delakoan.
Sailkapena lortzen duen taldeak Europako bigarren lehiaketa goreneko multzoen fasea jokatuko du, joan den denboraldian bi taldeek lortu zutena. Are gehiago, final laurdenetan penaltietara amore eman zuen super amara Bera Berak, eta Dijonek Grazeko (Austria) lauko finala jokatu zuen, non hirugarren geratu zen. Beraz, kanporaketa gogorra aurreikusten da bi taldeentzat.
Frantzian jokatuko den partida horrekin amaituko da txapelketako lehen hiruhilekoa, data horretatik aurrera jokalariak euren selekzioekin kontzentratuta geratuko baitira Herbehereetako eta Alemaniako Munduko Txapelketa prestatze aldera.
Ondorioz, super amara Bera Berak Lanzarote Arrecife eta Replasa Beti Onak taldeen aurkako Ligako norgehiagokak aurreratu beharko ditu.
Elene Fresco super amarekin entrenatzen hasi da
Elene Fresco jubenil mailako internazionala gaur hasi da super amara Bera Berarekin entrenatzen. Lehen lerroko Zarauztarrak 17 urte beteko ditu irailean, eta Espainiako selekzioarekin Europako txapelketa arrakastatsua burutu du. Frescok 19 gol sartu zituen zortzi partidatan eta MVP izendatu zuten Danimarkaren aurkako partidan.
Bera Berak, Aiala Zarautzek eta jokalariak berak Europako Txapelketa baino lehen adostu zuten plana, eta horregatik jokalariak atseden egun batzuk izan ostean, gaur sartu da entrenamenduetara Bidebietako saioan, Oihana Murgiondo lagun zuela. Fresko gazteek daramaten martxan sartuko da eta aste hauek igarotzean, bi aldeek beren etorkizuna zehaztuko dute.