Partidako azken sei minutuetan lortutako 1-6ko partzialari esker, super amara Bera Berak lau goleko abantaila hartu du larunbatean Gascan jokatuko den play-offetako final-laurdenetako itzulerarako (18,30etan). Hau da, 29-28tik 30-34ra pasa da Kosticen bi geldiketei esker eta Ogonovszky, Erauskin, Tchaptchet eta Arrojeriak asmatu dutelako.
Gaur gaueko emaitzak ikustea besterik ez dago play-offen magia egiaztatzeko. Granollers izan ezik, eta ez da urruti egon, etxeko taldeak – liga erregularreko sailkapenean okerrenak – garaile atera dira final-laurdenetako joanekoan. Palauk sentsazio onak transmititu dizkio aurten super amara Bera Berari, baina talde donostiarrak jakin bazekien partida honek ez zuela zerikusirik duela 10 egun ligan jokatu zenarekin. Granollersek Somaza berreskuratu du, hasierako zazpikoan atera duena.
Erasoek uneoro defentsak gainditu dituzte, eta bi taldeetako atezainek ezer gutxi egin zezaketen. Atsedenaldi horretan Gipuzkoako taldea atera da garaile, eta une oro nagusi izan da markagailuan, Gonzalezen hasierako 1-0ekoaren ondoren eta bigarren zatiaren erdialdera arte. super amara Bera Berak gol egoera garbiak lortzen ditu, baina baita KH7 BM Granollersek ere, jokoa Gonzalezen eskuin hegalera eramanez eta Capdevilak erantzukizun hori bere gain hartuz.
Imanol Alvarezek minutuak banatu ditu. Karstenek zazpi metroetatik asmatu eta urrutitik jaurti zuen 17-19 jartzeko atsedenaldira iritsi aurretik.
Bigarren zatian, super amara Bera Berak tartea ireki du Ogonovszkyren jaurtiketei esker (38 ": 20-24), baina Somazak ere asmatu egin du. Bigarren zatiaren erdialadean Marta Merak hiruzpalau geldiketa egin ditu, hungariarrari eta Etxeberriari. Honek aukera eman dio Granollersi korrika egiteko, partida berdintzeko eta 47. minutuan aurretik jartzeko, Ona Vilaren bitartez (26-25).
Tchaptchetek berdinketa lortu du, baina Belen Rodriguezek ere asmatu egin du. Ogonovszkyk asmatu du berriro, Kosticek Gonzalez urrundu du, hungariarrak zorte handiez Mera gainditu bere taldea aurreratzeko, Granollersek jabetza galdu du eta horrek Erauskini korrika egitea ahalbidetu dio, Kosticek Capdevila gelditu du, Tchaptchetek jaso du, etxekoak berriro galdu dute baloia, nafarrak berriro asmatu du eta segundo gutxira Arrojeriak baloia loratuz Mera gainditu du, Donostiara lau goleko aldea eramateko (30-34).
Fitxa teknikoa: KH7 BM Granollers 30, super amara Bera Bera 34,
KH7 BM Granollers 30: (17+13): Mera, Vila (4), Guarieiro (4), Polonio (3), Capdevila (7, 1p), Somaza (3, 1p) eta González (6) – hasierako zazpikoa- Kofler, Rodríguez (3), López Quer, Portillo, Hombrado, Jallow, Juan, Nuez, Tort eta Gassama (o.a.).
Super amara Bera Bera 34 (19+15): Prades, Etxeberria (2), Arrojeria (4), Gavilan (1), Arroyo (1), Ogonovszky (7) eta Hernández (1) – hasierako zazpikoa- Álvarez (2), Karsten (7, 3p), Erauskin (3), Menéndez, Tchaptchet (4), Louis (1), Rodrigues (1) eta Kostic (o.a.).
Epaileak: Roland Sánchez eta Josep Millán (kataluniarrak)
Kanporatuak: Kofler (2) Granollersetik eta Hernandez (super amaratik)
Partzialak: 3-4, 6-6, 8-10, 12-14, 13-15, 17-19 – atsedenaldia – 19-22, 21-24, 25-25, 27-27, 29-29 eta 30-34
Gertaerak: 24-25 titulurako play-offetako final-laurdenetako joaneko partida