Ametsik onenetan ere ez genukeen imajinatuko European League-k denboraldi honetan guri ez ezik gure zaleei eta gure inguruneari ere eman digun gozamen maila. Final laurdenetako kanporaketako itzulerako zazpi metroak lerrotik amaitzeak, Grazeko (Austria) lauko finalaren atarian utzi gintuena ez du itzaltzen atzo egidako partida handia, baliabideak ustiatuez eta urtetan saiatu ginen jauzia emanez.
super amara Bera Beran erakutsi dugu lekua merezi dugula European Leagueko multzoen fasean. Erraza ez dena. 16 taldek bakarrik jokatzen dute ligaxka hau, eta zaila da bertara iristea, baina denboraldi honetan bizi izandakoak bertan lehiatzeko apustua berretsi baino ez du egin.
super amara Bera Beran ere beste jauzi bat eman dugu arlo sozialean. Azken bi partidetan Gascan agortu ditugu sarrerak, historian lehen aldiz. Europak xarma berezia duela askotan esan dugu eta horrela erakutsi dute ia 10.000 pertsonek Anoetako pasealekutik igaro direnak Europako sei partidetan, era askotakoak, non etengabe babestu eta txalotu gaituzten berdindu, irabazi edo galduta. Eskerrik asko bidelagun izan zareten pertsona horiei guztiei.
Gurea ikuskizun bat da – atzokoa bezalako partida gogoan geratuko da- non balioak eta aniztasuna lehenesten diren. Lehenik errespetua. Bai aurkariari, epaileei, inguruari eta geure buruari. Irribarre egin dugu eta negar egin dugu -atzo bezala-, baina aurkaria ere zoriondu dugu, haiekin partekatu ditugu pozak, eta atzo fair play ariketa bat egin genuen HSG Blomberg eta Ona Veguerekin. Taldeak, klubak eta pertsona guztiek erakutsi duten konpromisoan, ahaleginean, lanean eta anbizioan ez dugu etsiko, bereziki, gure ondoan dauden boluntarioek, orduak eta orduak utzi baitituzte lan ugaritan, hala nola Gasca ahalik eta ondoen egokitzen, Europako arauak agintzen duten bezala.
Emakumeen eskubaloiak gizartearen maila guztiak erakartzen dituela ere berretsi dugu. Gascako harmaila errepasatu besterik ez da egin behar, emakumeen presentzia apur handiago da, adin sorta anitza ere nabarmentzen da – helduak % 66an –,familian joateko kirol aproposa dela baieztatuz.
Eta kirol arloan, beste arrakasta bat, titulu batekin parekatua. Benfica, Lublin, Paris 92, Fredrikstad, HSG Bensheim/Auerbach Flames eta HSG Blomberg-Lippe izan dira European Leagueko aurkariak. 12 partida (Txapeldunen Ligako multzoen fasea, 14 dira), eta horietatik sei irabazi, bat berdindu eta bost galdu ditugu. 290 gol alde eta 282 kontra. Karsten izan da golegile nagusia 55 golekin, eta ondoren Ogonovszky (33), Arrojeria (32), Alvarez (31) eta Arroyo (30)... Eta aurkari horiek guztiek Gascan sortutako “atmosfera” azpimarratu dute, hori baita lortutako beste arrakastetako bat.
Kosta egingo da egindako lekura iristea, baina klub honen ikuspegia argia da, eta horretan lan egiteko borondatea ere bai.