Bera Bera

Select your language

super amara Bera Berak Europako ametsari eusten dio, nahiz eta gaur arratsaldean Gascatik galtzaile atera den – berriro ere txiki geratu da- HSG Blomberg-Lippe gogor baten aurrean (25-28, 12-14 atsedenaldian), azken erasoetan izan duen prezipitazioa medio, Ludwig atezain alemaniarraren geldiketekin eta Jacobsen zentralaren amaieran asmatu izanaren ondorioz. Itzuliko partida Lemgon izango da, martxoaren 30ean (igandean, 16etan).

Atarikoan Imanol Alvarezek kanporaketaz gozatzea eskatzen zuen eta hala egin du. Taldea hustu egin da defentsan sekulako lana eginez, alemaniarren defentsa gogorraren aurrean zirrikituak bilatzen saiatu da, eta atsedenik gabe animatu duen eta berriro ere Europako hitzorduari bikain erantzun dion Gascaren alde egindako ahalegina saritu du amaieran.

super amara Bera Bera denetarik egiten saiatu da. Lehenengo defentsa aurreratu batekin, ia 3-3 Blombergen lehen lerroari presio handia eginez, bere gotorleku nagusia. Etxeberriaren kontraerasoko bi baloiek Gasca altxatu dute. Baina Quist ezker hegalekoak askotan asmatu du Pradese aurrean – bikain aritu da atezaina–, Kühnek hartu du lekukoa bigarren zatian eta Jacobsen erdiko atzelariak partidaren amaieran. Baina talde alemaniarra ere zazpi metrotan itxita defendatzen zuen, Arrojeria, Alvarez eta Karstenen baloi mugimendua zailduz. Ona Veguek kontraerasoan ondo aprobetxatu ditu galerak bere taldea aurretik jartzeko (6-7).

Donostiarrak krisian sartu dira eta Blombergek aprobetxatu du (6-12). Baina Ogonovszky sutsu atera da eta super amara Bera Berak bide bat aurkitu du talde alemaniarrari min egiteko. Hungariarraren lau golei esker, bere taldea partidan eta kanporaketan sartu da berriro. Atsedenaldian 12-14.

Bigarrenean, super amara Bera Bera onena ikusi da. Karstenek zazpi metroetatik asmatu du, Ogonovszkyk berdindu egin du eta Arrojeriak ere kontragolean. Arroyok aurretik jarri ditu donostiarrak (19-18, 41. min), baina Veguek erantzun dio. Esfortzua ordaindu dute gipuzkoarrek eta aldaketak iritsi dira. Erauskin bikain aritu da hegaletik (4/4), baina Ogonovszky kanporatua izan da Blombergek etekina atera duelarik (22-23).

Sei minuturen faltan, 23-25 markagailuan, Imanol Alvarezek partida gelditu du, halere baloia ez da Erauskinengana iritsi. Jacobsenek eta Freyk lau goleko aldea jarri dute. Entrenatzaile ermuarrak partida gelditu zuen berriro. 7x6koan Erauskinek birritan gerturatu du taldea, baina Veguek zazpi metroetatik, denbora agortuta, hiru goleko abantaila eman dio Blomberg-Lipperi (25-28).

Fitxa teknikoa: Super amara Bera Bera 25, HSG Blomberg-Lippe 28

Super amara Bera Bera 25 (12+13): Prades, Etxeberria (2), Arrojeria (3), Gavilan (1), Álvarez (1p), Karsten (5, 4p) eta Hernández (1) – hasierako zazpikoa- Arroyo (1), Menéndez, Tchaptchet (1), Louis, Rodrigues, Ogonovszky (6), Erauskin (4) eta Kostic (o.a.).

HSG Blomberg-Lippe 28 (14+14): Stanojevic, Vegué (8, 4p), Kühne (4), Rüffieux (1), Jacobsen (5), Quist (7) eta Tietjen (1) – hasierako zazpikoa- Frey (1), Hoberg, Hauf, Mühlner, Rajes (1) eta Ludwig (o.a.)

Epaileak: Alain Rauchs eta Philippe Linster (Luxenburgo),

EHFko ordezkaria: Jamila Boulhimsse (Frantzia)

Kanporatuak: Álvarez, Arroyo, Ogonovszky super amaratik; Kühne eta Quist Blomberg-Lippetik

Partzialak: 3-2, 4-5, 6-9, 8-12, 11-13, 12-14 – atsedenaldia- 15-16, 17-18, 19-18, 21-21, 23-25 eta 25-28

Babesle nagusia / Patrocinador oficial

Babesle instituzionalak / Patrocinadores institucionales

Babesle ofizialak / Patrocinadores oficiales

  •  

Babesleak / Patrocinadores

Laguntzaileak/Colaboradores