super amara Bera Berak ez zituela bi partida jarrian galtzen 2015-16 denboralditik eta, beraz, larunbatean (18etan) Florentinon, orain Jose Ignacio Pradesek zuzentzen duen Elda Prestigioren aurka sentsazio onak berreskuratu nahi ditu. Selekzioek eraginadko etenaldia eta Granollerseko Koparen aurretik jokatuko den partida Cristina Martinek (valentziarra) eta Libertad Martinez (kataluniarra) epaileek zuzenduko dute.
Imanol Alvarez entrenatzaileak aitortu du “ordaina emateko gogoa” duela, joan den asteazkenean Porriñoren aurka galdu ondoren. super amara Bera Berako entrenatzaileak argudiatu du “beherakada emozionala” egon zela European Leagueko final-laurdenetara sailkatzearen ondorioz. Bere ustez, Europan jokatu ondoren “ez zaigu kostatzen txipa aldatzea, gertatzen dena da emozio asko direla, Gascan bizi duguna bizitzeak beti ematen dizu gorakada eta gero gerokoa”. “Porriñoren aurka partidan sartuta geunden defentsan; erasoan, berriz, galera asko izan genituen”.
Iaz super amara Bera Berak Florentinon gol batez bakarrik irabazi zuen. “Asko sufritu genuen, eta ziur Pradesek, jakinda langile sutsua dela, oso ondo prestatuko duela partida”. Hala ere, Alvarez ziur dago bere taldearen argudioekin, eta espero du “amorratuta ateratzea”.