European Leagueko final-laurdenetako kanporaketarako data ofizialak ezarri dituzte dagoeneko. Joaneko partida Gascan jokatuko da, martxoaren 23an, igandean, 18etatik aurrera, eta itzulerakoa ere igandean izango da, kasu honetan, martxoaren 30ean, 16etan, Lemgoko Phoenix Contact Arenan.
Multzoen faseak izan duen arrakasta ikusita, eta azken partidan ‘Sarrerak agortuak’ kartela jarri zenez, super amara Bera Berak jarri du jada final-laurdenetako sarrerak salgai. Ohi bezala, abonatuek sarreraren erdia ordainduko dute, eta taldeei -20 lagun gutxienez- % 20ko deskontua eskaintzen jarraituko dute. Ligaxkako hiru partidak kontuan hartuta, Paris 92, Fredrikstad eta HSG Bensheim/Auerbach Flamesen aurka, super amara Bera Berak 5.000 pertsona baino gehiago bildu ditu Gascan. Kirol arrakastari, zaleen erantzuna gehitu behar zaio, sailkapena lortzeko gakoa baita.
Final-laurdenetako joanekoa Granollerseko Kopako azken fasetik astebete geroago iritsiko da. Errekuperazio denbora gehien izate aldera, super amara Bera Berak eta Mecalia Atletico Guardesek ligako 20. jardunaldiko partida apirilaren 23an jokatzea adostu dute, beste datarik ezean.
Europako Liga onenetako taldeen artean
super amara Bera Bera 24-25 European Leagueko zortzi talde onenen artean sartu da, liga handietako beste zazpi talderekin final-laurdenak partekatuz: hiru alemaniar, bi errumaniar, daniar bat eta frantziar bat.
HSG Blomberg-Lipperen potentziala eztabaidaezina da. Ligan laugarren postuan, Dortmund eta Thüringerrengandik bi puntura, super amara Bera Berak bezala, bi kanporaketa jokatu behar izan zituen multzoen fasera sartzeko. C multzoko liderra izan da, bere sei partidetatik bost irabazteari esker. Ona Veguez gain -kontratua berritu du-, Nieke Kühne, European Leagueko multzoen faseko goleatzaile nagusietako bat nabarmentzen da taldean, 50 gol egin ditu ligaxkan eta guztira 70ekin jokatutako hamar partidetan.
Asteburu honetan, HSG Bensheim/Auerbach Flames eta HSG Blomberg-Lippe taldeek Alemaniako Kopako finalerdia jokatuko dute, eta hori erreferentzia ona izan daiteke Imanol Alvarez-Jon Begiristain bikotearentzat.
HSG Blomberg-Lippek bere partida jokatuko du Lemgoko Phoenix Contact Arenan, 5.000 lagunentzako edukierarekin. TV Lemgok, Bundesligako taldeak, jokatzen duen pista da, bezperan Flensburg-Handewitt taldea hartuko duena.