Granollerseko Francesc Tarafa aretoan egin da gaur Erreginaren Kopako XLVI. edizioko zozketa non emakumezkoen eskubaloiko elitean denbora gehien daramaten bi taldeen arteko lehia ekarri du, hau da, super amara Bera Berak Rocasa Gran Canariaren aurka neurtuko ditu indarrak martxoaren 14tik 16ra Granollerseko Palau D 'Esportsek hartuko duen azken faseko lehen partidan.
Erreginaren Kopako azken faseko hamargarren norgehiagoka izango da bi taldeentzat. Izan ere, Bidebietako taldearentzat Kopako lehen partida Remudasen aurka izan zen, 1992ko martxoaren 27an, gipuzkoarren garaipenarekin (24-16) amaitu zena eta azkena 2019ko apirilaren 26an, Barakaldoko Kopako final-laurdenetan, euskaldunak garaile ere bai (25-23). Gogoan dira elkarren aurka jokatukoa lau final ia jarraian, 2013tik 2017ra, alegia. Lehenengo biak donostiarren jabe (2013an O Porriñon eta 2014ean Alcobendasen) eta azken biak, bi luzapenen ondoren, Rocasak eskuratu zituenak: Castellon 2015ean eta O Porriñon 2017an. Guztira, sei garaipen lortu ditu Bera Berak eta hiru Rocasak. Erreferentzia gisa, Telden jokatutako ligako azken partidan, bi taldeek 24-24 berdindu zuten.
Elda Prestigio – orain José Ignacio Pradesek zuzentzen duena – edo Conservas Orbe Zendal Porriño – European Cup-eko finalerdietarako txartela lortu duena – izango du aurkari garaileak. Bestalde, KH7 BM Granollersek Morvedre izango du aurrean, eta Replasa Beti Onak taldeak, Guerreras Iberdrola Ligako egungo liderra, Mecalia Atletico Guardes.
Datozen egunetan ordutegiak zehaztuko dira.
Kadete kopa: Lacturale Bera Bera
Kadete mailako Kopan, berriz, Lacturale Bera Bera A multzoan dago, KH7 BM Granollers, Mecalia Atletico Guardes eta Elda Prestigiorekin batera. Sistema zeharo ezberdina da, ligaxka bat jokatuko baita, hau da, denak denen aurka, Las Franquesas del Vallés eta Canovelles herrietan izango dira partidak, Granollersetik gertu. Bi multzoetako irabazleek Palaun jokatuko dute finala, senior mailako finala baino ordu batzuk lehenago, martxoaren 16an, goizean.