“Ez da astebeteko geldialdia izan, aste normala baizik, ondo zetorkiguna hurrengo hilabetea prestatzeko”, hasi du bere hitzaldia hedabideen aurrean Imanol Alvarezek, super amara Bera Berako entrenatzaileak. Hurrengo lau asteetan zazpi partida jokatuko ditu, Ligako lau eta European Leagueko hiru.
Lehena bihar Huerta del Reyn. Aurrean, Caja Rural Aula Valladolid, azken sei partidetatik bost irabazita sailkapenean seigarren postura igo den taldea. La Rioja eta Granollers etxetik kanpo mendean hartzetik dator, baina Telden kopako kanporaketa galtzetik.
Imanol Alvarezek badaki zaila dela Huerta del Reyn jokatzea. Baina arlo horri erreperatu dio bere jokalariak partidan lehenbailehen sartzeko. “Pista zaila da. Bera Bera joaten denean jende asko gerturatzen da, han behin baino gehiagotan irabazi digute, beti jarri dizkigute gauzak zail, eta horrek pizgarria izan behar du guretzat”.
Bere ustez, Caja Rural Aula Valladoliden “orain Salva Puigek (entrenatzaileak) dituen ideiak nabariagoak dira”. “Taldeak lehen jokatzen zuenaren desberdina da, baina pista faktorearekin arriskutsua da beti”, gaineratu du.
Alvarezek gutxienez Ligako hirugarren postuari eustea eskatu du baina ahal bada “posizioak igo, laster norgehiagoka zuzenen bat izango dugulako”. Horretarako, super amara Bera Berako entrenatzaileak “jarrera europarra” eskatu dio bere taldeari. Izan ere, donostiarrek atsedena izan dute European League-n, eta larunbateko partidan zentratu ahal izan dira (18,30etan, Teledeporte, Jose Carlos Friera –asturiarra – eta Andres Rosendo –galiziarra –).
“Ondo iritsi gara hona, osorik, lesiorik gabe, eta aukerekin”, poztu da Alvarez. “Esan nuen 16 jokalariak mantentzen bagenituen ez nuela arazorik ikusiko partidei aurre egiteko. Egia da Europakoak bi izan direla etxean eta irteerak ez direla gogorrak izan, baina orain beste fase bat datorkigu, eta horrek eragin handiagoa izango du, etxetik urrun egun asko edukita”. Izan ere, super amara Bera Berak Atticgo BM Elx hartuko du otsailaren 5ean Gascan eta jarraian Norvegian (otsailaren 9an), Malagan (otsailaren 12an) eta Parisen (otsailaren 16an) jokatuko ditu bere partidak. Entrenatzaileak “bizirik gaudela ematen duen ilusioak eta aukerak ditugula sinisteak konpensatuko luke esfortzua”. “Une garrantzitsua, gorena, iritsi da, orain arte gakoa hemen aukera guztiekin egotea zen, eta orain erritmoa hartuta gaudela, partida horiei aurre egiteko behar dugun intentsitatea dugula erakustsi behar dugu”.