super amara Bera Berako entrenatzaile Imanol Alvarezek komunikabideen aurrean agertu da gaur eguerdian Bidebietan, titulurako play offaren hasiera baloratzeko. Bere taldeak Huerta del Rey bisitatuko du apirilaren 19an, ostiralean, Caja Rural Aula Valladoliden aurka (21etan, TDP) eta ideia argia azaldu nahi izan du “garrantzitsua da partida finala balitz bezala hartzea”.
Nahiz eta Guerreras Iberdrola Ligako azken partidan super amara Bera Berak Caja Rural Aula Valladolid aise gainditu Gascan, Alvarezek argi dauka “talde guztiek hutsetik abiatuko dugula”. Bere ustez, aurtengo formatu horrekin “demokratizatzen dira txapeldun izateko aukerak”. Titulurako kanporaketetan ez da golen aldea kontatzen, hau da, irabazitako partida bakoitza bi puntu dira eta berdinketarekin, bana. Berdinketa gertatuz gero, bigarren partidaren ondoren, bost minutuko bi denborako luzapena jokatuko da. Hori dela eta, Alvarezek uste du “lehen partida etxean jokatzen duen taldeak badakiela partida hori irabaziz gero bere aukerak biderkatu egiten direla eta horrek askoz ere arrisku handiagoa ematen diola Aula Valladolidek eta Huerta del Reyk daukatenari, beti asko estutzen duen pista, Bera Berarentzat eta gainerakoentzat oso pista zaila dena, inork ez du erraz irabazten bertan”. Ondorioz, bere taldeari partida horren “garrantziaz” jabetzeko eskatu dio, “lehen minutua 60 minutua bezain garrantzitsua baita”.
Bi taldeen kalitatea azpimarratzeaz gain, Alvarezek garrantzi handia ematen dio “partidan nola heldu behar diogun, nola irten behar dugun jokatzera, kontzentrazio maila, lehenbailehen sartu behar dugula partidaren dinamikan”. Golek axola ez duten bezala, jokatzera ohituta dugun modua aldatuko da eta horrek beste zailtasun bat dakarkiela zortzi taldeei. Gainerakoan, play offen “berdintasuna” antzeman du, eta kanporaketa erabakitzeko moduak “aukera gehiago ematen dizkie guztiei”.
Nazioarteko asteen ondoren, Imanol Alvarezek hiru egun baino ez ditu izango taldea osorik jokatzeko. “Selekzioetatik datozen jokalariek, batez ere preolinpikoa jokatu dutenek, ez dute atseden egun nahikorik izango hain garrantzitsua den partidari aurre egiteko”. Aitzitik, Arroyo, Menéndez eta Erauskin berreskuratu ditu. “Mentalki indartsu eta lasai bagoaz, partidaren garrantziaz jabetuta, fisikoki gutxiago nabarituko dugu”, eta gaineratu du “jokalari nahikoak ditugula hain partida gogorrari aurre egiteko, eta pizgarria polita da bertara joatea playoff-a hastera”.
Alvarezek ez du ostiral honetatik haratago begiratzen. “Partidak jokatzen jarraitu nahi dugu, jakinda horietakoren bat galtzen baduzu kanpoan geratzen zarela. Bederatzi partida irabazten baditugu, bi txapelketetako txapeldunak izango gara, beraz, astez aste lan egin nahi dugu, ostiral honetan irabazi eta hurrengoan zer egin behar dugun aztertu”.
2029ko Munduko Txapelketari buruz galdetuta, Imanol Álvarezek uste du “albiste ona” dela, “lehenik eta behin Irunen pabiloi bat egingo delako eta munduko gertakari bat delako, entrenatzaile edo ikusle gisa baliatuko duguna. Eskubaloia edo kirola gustuko duten guztiek aukera paregabea dute maila horretako partidak gertu ikusteko”.