Iritsi da espero zen partida. Larunbatean, 19etan, Gascak liderraren – Costa del Sol Málaga- eta bigarren sailkatuaren – super amara Bera Bera- arteko lehia hartuko du, Gipuzkoarrak A Guardan galdu ostean bi puntu atzetik. Bi talde eta bi ibilbide oso desberdin. Malakoak European Leagueko multzoen fasea “oso ondo jokatzetik datoz, eta gu etxetik kanpo emaitza txarrak lortu ditugu”. Hala ere, “Bera Beraren bertsiorik onena ikustea“ espero du Imanol Alvarezek.
Komunikabideen aurrean egindako agerraldian entrenatzaile ermuarrak aitortu du “irrikan dagoela partida iristeko, ikasi duguna ikusteko, zulo txiki horretatik ateratzeko eta defentsan konfiantza berreskuratzeko”. Aurkariaren lehia-erritmo altuak kezkatzen ote duen galdetuta, Alvarezek onartu du “Gabonetatik hona, haiek gu baino gehiago lehiatu dira. Ez dakit horrek partida markatuko duen, amaierara arte ez dugu jakingo”.
Hala ere, “jokalariek partidari aurre egiteko gogoa dute” onartu du. “Badakigu ez dugula ondo jokatu Guardesen aurka, norgehiagokaren zailtasunaz jabe dira, baina baita gure aukerez ere, ez dago aukera hoberik arantza txiki hori kentzeko”. Alvarezek “berriro lehiatzea” nahi du, “eta talde onenetako baten aurrean“. “Sailkapenean goiko aldean berriro kokatzeko aukera dugu” esan du, eta bere taldea “lehen minututik hirurogeigarren minutura arte lehiatuko dela” ziurtatu du.
Zentzu honetan, partida hasierak denboraldi honetako “gabezia” dela onartu du. “Aldi berean, gainerako aroletan hobeto aritu gara, adibidez, erasoan galerak asko murriztu ditugu, orain arte oso ondo ari gara”. Eta defentsari erreparatu dio. “Guardesen aurka defentsa biguna izan zen, kontrarioaren erasoan eragin izan ez zuena eta larunbatean gure defentsak askoz erasokorrago hasi behar du eta jokoan eragiten saiatu”. “Horixe da helburua” aldarrikatu du.
super amara Bera Berak Elke Karsten eta June Loidi berreskuratu ditu larunbaterako. Alvarezek uste du “larunbat arratsalderako plan ezin hobea da”, eta ziurtatu du “taldeak azala utziko duela”.