Donostian jokatuko da eskubaloiko Erreginaren Koparen XLV. edizioaren azken fasea, maiatzaren 10, 11 eta 12an. Illunbeko Donostia Arena izango da berriz ere eszenatokia, eta zortzi talde onenek hartuko dute parte emakumeak kirolean duen lidergoari bultzada bat eman eta 2022ko edizioko esperientzia gainditzearen erronka izango duen ekitaldi honetan.
Gaur Kiroletxean egin den aurkezpenean parte hartu dute Goizane Álvarez Irijoa Kultura eta Kiroletako diputatuak; Iñaki Gabarain Donostiako Udaleko Kiroletako zinegotziak; Tati Garmendia Super Amara Bera Bera talde antolatzaileko arduradunak eta Patxi Agirre Gautenako lehendakariak.
Tati Garmendiak gogoratu duenez, «2022ko Kopak sentsazio bikainak utzi zizkigun». «Kirol arloko emaitza alde batera utzita, oso gustura geratu ginen, ziurrenik ondoen antolatutako edizioa izan zen, inoiz publiko gehien bildu duena (3.000 pertsona finalean); beraz, hori gainditzea izango da erronka», azaldu duenez. Super Amara Bera Berako arduradunak adierazi duenez, «Fan Zoneko zerbitzuak eta aisialdiko eskaintza hobetzen saiatzen ari gara, bilduko diren zaleei erantzuteko», eta txapelketaren inguruan hainbat ekintza egingo dira: arbitraje ikastaroak, eskubaloiko teknifikazioak, eta datozen hilabeteetan iragarriko diren beste hainbat sorpresa. Tati garmendiak aurreratu duenez, «nahi dugu 2024ko Kopak atal solidarioa ere izan dezan; hartara, saldutako abonu bakoitzeko euro bana bideratuko dugu Gautenara, eta, gainera, nahi dugu autismoa duten pertsonek ekitaldian parte har dezaten».
Koparen irudia eta leloa
Gaur goizean, 2024ko Koparen irudia aurkeztu dute. Emakume batzuek besarkada kolektibo bat partekatzen dute, baloi baten irudia osatuz. Irudi horrekin batera lelo hau agertuko da: Koparen grina emakumeek egina / Inspiramos el cambio.
Goizane Álvarez Irijoa Kultura eta Kiroletako diputatuak azpimarratu du son handiko txapelketa hau berriz Gipuzkoara ekartzeko ahalegin handia egin behar dela. «Erreginaren Koparen 45. edizioa Illunben jokatzeak erakusten du Gipuzkoak kirolarekin eta, zehazki, emakumeen eskubaloiarekin duen etengabeko konpromisoa. Ekitaldi honek emakumeek kirolean duten lidergoa sustatzeaz gain, erakusten du gai garela goi mailako kirol ekitaldiak antolatzeko, kalitatezko esperientzia bat eskainita».
Hemen antolatutako aurreko edizioa izan zen 2022koa, eta eragin nabarmena izan zuen kirol arloan nahiz antolaketakoan, finalean 3.000 ikusle bildu baitziren. Álvarezek gaineratu duenez, «2024ko kopa, goi mailako kirol ekitaldia izateaz gain, elkartasuna sustatzeko aukera ere izango da. Saltzen den abonu bakoitzeko, euro bat bideratuko dugu Gautenara, eta konpromisoa hartzen dugu autismoa duten pertsonek ekitaldi zirraragarri honetan parte har dezaten».
2022ko Eskubaloiko Erreginaren Kopa ere Donostian egin zen, eta kirol arloan arrakastatsua izateaz gain, jasangarritasunaren eta karbono aztarna murriztearen inguruan izan zuen ikuspegiagatik ere arrakastatsua izan zen. Emisioetako neutraltasun helburuen, zirkularitatearen eta plastikoen ezabatzearen emaitza izan zen 120,3 tona CO2ko guztizko karbono aztarna; zifra horrek azpimarratzen du ingurumen erantzukizunarekiko konpromisoa.
Iñaki Gabarain, Donostiako Udaleko Kirol zinegotziak adierazi duenez, "Donostia, zalantzarik gabe, Kirolaren Hiria da. Hala erakusten dute Donostia, Gipuzkoa osoa bezala, kirol jardueraren abangoardian jartzen duten adierazle askok, hala herritarrek nola federatuek. Gure kirol-ekosistema izugarri aberatsa da, oinarritik elitera, eta bereziki nabarmendu behar da emakumeen kirolaren indarra.
Horren erakusgarri dira hiriak dituen maila goreneko taldeak, hala nola IDK Euskotren, Real Socidad de Hockey, Arraun Lagunak eta Kaiarriba traineruak edo Bera Bera Eskubaloi Taldea, besteak beste.
Hain zuzen ere, azken hori, Erreginaren Kopako anfitrioia, Donostiako marka honen enbaxadore onenetakoa da, kirolaren hiri gisa, eta, bereziki, emakumezkoena.
Bere eskutik, eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Kirol arloaren bultzadarekin, gure hiriak 2022an jada hartu zuen lehiaketa bat hartuko du berriro, Superkopa Iberikoaren lehen edizioaz gozatu ondoren, etxean geratu zena Super Amara Bera Beraren garaipenari esker.
Kopak maiatzean kirol lehiaketa handi batez gozatzeko aukera emango duen hiri bat aurkituko du, Donostia kirolaren hiri gisa egiaztatzen jarraituko duena, eta, gainera, gizartea eraldatzeko tresna gisa ulertzen eta bultzatzen duena ", azaldu du Gabarianek.
Abonuen salmenta
Antolatzaileek www.venta.copadelareina2024.com webgunea abian jarri dute abonuak saltzeko, moduzko prezioetan: hiru egunetarako, 39 euro, helduentzat; aldiz, gazteenek (6-14 urte) 22 euroko kostua izango dute. Abonua urtarrilaren 7a baino lehen erosten bada, % 10eko deskontua izango du. Pistako harmailetako abonuak 55 euro balioko du. Antolatzaileek % 20ko deskontua eskainiko dute kluben abonu kolektiboetarako; horretarako, helbide elektroniko honetara idatzi beharko dute:
Kopari buruzko informazio gehiago nahi izanez gero, kontsultatu www.copadelareina2024.com webgunea.