super amara Bera Berak 1.011 abonurekin itxi du 2023-24 denboraldi honetako abonatuen kanpaina, hau da, % 10eko hazkundearekin, marka berri bat ezarriz eta milako langa gaindituta. Tati Garmendia arduradunaren ustez, “Gascara etortzea ikuskizunaren eta ondo pasatzearen sinonimoa da, batez ere familian, eta larunbatero nabaritzen dugu”.
Nahiz eta kanpaina amaitu den eta dagoeneko Ligako lau partida jokatu diren Gascan, oraindik fidelizatu daiteke super amara Bera Berarekin, abonamenduaren prezioa egokitu baita. Horrela, helduentzat 68 eurotan kokatu da, eta gazte eta jubilatuentzat, 39 eurotan. Horren truke, geratzen diren ligako zortzi partidak ikusi ahal izango dira (liga erregularreko zazpi – hurrengoa azaroaren 4an – eta final-laurdenetakoa), eta bi onura interesgarriak: % 50eko deskontua European Leagueko Q3ko partidaren salneurrian (super amara Bera Berak azaroaren 19an, Norvegiako Sola HK taldearen aurka jokatuko du itzulera), eta abantailak Illunbeko Donostia Arenan 2024ko maiatzaren 10etik 12ra egingo den Erreginaren Kopako azken faseari begira ere, besteak beste, deskontuan abonamenduan eta erdiko harmailan lekua bermatuta.