super amara Bera Bera Gascara itzuliko da (larunbatean, 18etan), azken partidatik hiru aste igaro ondoren. Tarte horretan lidertzara igo da –partida bat gehiago duelarik–, Eldan eta Elxen lortutako garaipenei esker. Dirudienez, selekzioen arteko etenaldiak ez dio gehiegi eragin eta Laura Hernandez guztiz osatu da Replasa Beti Onaken aurka aritzeko.
Hedabideen aurrean egin duen agerraldian, super amara Bera Berako entrenatzaile Imanol Alvarezek, Alacanteko bi jardunaldiak izan ditu hizpide, partiden “irizpideak” gogorarazteko. “Hain partida txarra eta hain ona hain epe laburrean jokatzeak balio izan digu jokalariek ikus dezaten mentalitate eta intentsitate kontua dela”. “Premisa horiekin irten behar dugu, aurkaria edozein izanda ere” adierazi du.
Replasa Beti Onak taldeak Gasca bisitatuko ditu bihar (Óscar Gutiérrez – Gaztela Mantxa– eta Jorge Monjo – madrildarra), lau puntu dituela. Alvarezek esan du “iaz ez bezala, ondo hasi ez den talde ona dela iruditzen zait. Ez du defentsako datu txarrik, guk baino gol gutxiago jaso ditu –aipatu du-, baina ez dago denek espero genuen bezain ondo”. “Uste dut gora egingo duela eta aurkari arriskutsua dela”. Beti Onak taldeak Lyndie Tchaptcheten martxa Almudena Rodríguez (Malagako jokalari ohia) eta Kelly Fonkeng gaztearekin konpondu du. “Almudenarekin defentsako lana sendotuko dute, eta erasoan gehiago nabarituko dute”. Azkenik, entrenatzaile ermuarrak esan du “gustatzen zaidat egin duten taldea eta lehen zortzien artean egoteko lehian egongo da”. Hala ere, uste du “gol gutxi sartu ditu, bere erasoak sufritu egin dezake eta korrika egiteko aukera eman“.
Bihar Gascan jokatuko den derbia Bihotz Urdina ekimenari eskainitako partida da, besteak beste atsedenaldian umeentzako jolasa prestatu da. Bestetik, Laura Hernandez osatu da. “Ondo entrenatzen ari da, eta bihar ikusiko dugu nola dagoen”. June Loidiri buruz galdetu diotenean, ezker hegalean egindako lanaren inguruan, Alvarezek esan du “gero eta hobeto ikusten dut, beste aukera bat aurkitu dugu eta, guretzat, defentsaren erdian hegaleko bat kokatzeak plus bat ematen digu”.
Selekzioekin aritu diren jokalariak “nekatuta itzuli dira”. “Malena Cavo kolpe gogor batekin etorri zen, ez du saio osorik egin”, baina datorrenak gehiago “kezkatzen” du entrenatzailea. Hau da, hiru argentinarrak eta Fernandes Txileko Panamerikanora joango dira igandean, non bost partida jokatuko dituzten bost egunetan eta azaroaren 1ean egingo dute berriro bat taldearekin.