2011ko urriaren 29an, BM Porriñok lehen aldiz jokatu zuen Donostian, Bidebietan hain zuzen ere, estatuko eskubaloiko elitera igo ostean seigarren partida zelarik. Esperientzia gogorra izan zen, orduko Bera Berak, non Pinedo, Ziarsolo, Rubio, Bea Fernandez, Zoqbik, Cuña, Punko eta abarrek ez baitzion aukerarik eman. Egun, hamabi urte geroago, galiziarrek hamabigarren norgehiagoka jokatuko dute Gipuzkoako hiriburuan, super amara Bera Bera estutzeko asmoarekin (Gasca, larunbata 18etan).
Abel Estevezek zuzentzen duen Conservas Orbe Rubensa Porriño taldea, Ismael Rodriguez entrenatzaile, aurtengo denboraldian etxetik kanpo Rocasari irabazi dio (21-31), Elxekin galdu zuen etxean (23-32), Atarrabian Beti Onak gainditu zuen (19-21) eta O Porriñon Motive.co Gijón (29-22). Iaz ere txapelketako errebelazioa izan zen, bosgarren geratu zen liga erregularrean eta final-laurdenetan amore eman zuen Atticgo BM Elxen aurka.
Denboraldi honi begira indartu du plantilla, Palomino atezainarekin eta lehen lerroko Maddi Bengoetxearekin batez ere. Bitxia bada ere, Errenteriako beste gipuzkoar bat du bere lerroetan, Maider Barros, eskuineko hegaleko jabea. Alboko gipuzkoarrarekin, Casasola – aurreko denboraldiko goleatzaile nagusia – eta Bono argentinarrak, Malena Valles zentralarekin eta Paulina Pérez Buforn ezker albokoarekin – Ambros Martinek deitu du 2024ko Europako Txapelketarako sailkatze faseko bi partidetarako –, lehen lerro interesgarri bat osatu dute. Horrez gain, Ines Hernandez, Santome eta Samartinen laguntza dute, azken honek orain ezker hegalean kokatu dute, Thais Fermo brasildarra errekuperatu zain. Pibotean, Prelchi eta Campo bermea dute, Ayelen argentinarrak atea bikain zaintzen du, azken finean, talde arriskutsua osatzen duen multzoa.
Ligan bakarrik elkarren aurka jokatu duten bi taldeen hamabigarren norgehiagoka izango da Donostian, eta 23. Partida guztira (20-21 denboraldian multzo ezberdinetan kokatu ziren eta ez zuten elkarren aurka jokatu). Egungo Guerreras Iberdrola Ligan Donostia gehien bisitatu duen taldenetarikoa da Conservas Orbe Rubensa Porriño, halere, Bidebieta eta Gascatik hutsik irten dira galiziarrentzat, puntuak lortzetik urrun gainera. Porriñok etxean 2020ko urrian berdintzea lortu zuen (32-32), 2014an ere gertu egon zelarik (27-28). Laburbilduz, historikoa errepasatuz gero partida erraza dirudi baina hor egon daiteke arazoa, Abel Estevezen proiektua nabarmen hobetu delako.