super amara Bera Berak Xixongo La Arenan izango da bihar (streaming, Abel Juncal eta Ángel Mateos, galizarrak), partida aurreratuan Motive.co Gijónen aurka neurtuko ditu indarrak, “jokoaren fase guztietan hobetzen saiatze aldera”, Imanol Álvarezen hitzetan.
Komunikabideen aurrean izandako agerraldian, super amara Bera Berako entrenatzaileak “eskerrak” eman dizkio La Calzadako klubari “partida aurreratzeko aukera emateagatik, bere garaian -urriaren 28an- Panamerikarrak (Cavo, Gavilan eta Karsten argentinarrak eta Fernandes brasildarrak) jokatzen duten internazionalek ezin izango zutelako jokatu”.
Malagako porrotari buruz galdetuta, Alvarezek onartu du taldea “minduta dagoela hasiera kaskar haren ondorioz”. Dena den, aitortu du “ez daukagula gaizki jokatu dugunaren sentsaziorik, 45 minutu izan genituelako sinesten eta partidan sartu nahi izaten, baina Merchek (Castellanos) lan bikaina egin zuen”. “Astean zehar eta Gijoni begira ikusi dugu zer hobetu dezakegun” eta bere taldeari “kontzentratuago egotea eskatu dio partida hasieran”. “Galdu ondoren, zentzumen guztiak ondo jarrita ateratzen zara beti, eta argi daukagu zer diren gaizki egin ditugun gauzak eta onak”. Biharko hitzordurako, Alvarezek ezin izango du Hernandez erabili, Urretabizkaia deituko du eta “alde horretan inprobisatzen jarraituko dugu” adierazi du.
Motive.co Gijóni buruz, entrenatzaile ermuarrak “oso talde bizia” ikusten du, “gauzak ondo egiteko gogoarekin, entrenatzaile berria dute – Guillermo Algorri- eta jokalariek bere sisteman sinesten dute”. Etxean Malagarekin gol batez galtzeak azpimarratu du Alvarezek. “Oraindik ez du punturik, baina badakit gerra emango duela”. Gainera, ulertzen du “Rocio Rojasen fitxaketak eragina izango due jokoan, kalitatea duelako eta Malagan jokatu behar zuena jokatu ez duelako, eta orain bai, jokatzen ari delako”.
Super amara Bera Berak bihar hasiko du lau partidako zikloa 12 egunetan, horietako hiru etxetik at: Xixon, irailaren 26an (19etan), Elda (urriaren 4an, 20etan) eta Elx (urriaren 7an, 18,30etan). Larunbatean, irailak 30, (18etan), Conservas Orbe Rubensa Porriño hartuko du Gascan.