super amara Bera Berak bihar larunbata (Gasca 19etan) Guerreras Iberdrola 23-24 Liga irekiko du, KH7 BM Granollersekin. Jokalari guztiak Imanol Álvarezen esanetara daude. Entrenatzailea aste hasieratik dabil Covid 19a arrastaka, eta ondorioz, hedabideen aurrean maskara jantzita agertu da.
Joan den denboraldian bezala, Liga 12 taldek osatzen dute, eta 22 jardunaldiko liga erregularra jokatuko dute. Ondoren, lehenengo zortziek play-offak hasiko dituzte. Data arazoak tarteko, bi partidatara jokatu behar da, final-laurdenetatik finaleraino. Berritasuna da talde bakoitzak partida bat irabazten badu (berdin dio zein den gol-aldea) – edo biak berdinduta amaitzen badira –, hamar minutuko luzapenak erabakiko duela zein talde sailkatzen den.
Jokoan dauden puntuak liga erregular batean bezain erabakigarriak ez diren arren, super amara Bera Berak indartsu hasi nahi du, irailaren 8an eta 9an emakumezkoen eskubaloiko Iberiar Superkoparen lehen edizioa hartuko duela kontuan hartuta.
Horretarako, Imanol Alvarezek denboraldiaurrean 19 jokalarirekin lan egiteko aukera izan du. Lyndie Tchaptchet eta Carmen Arroyo “azkar egokitu dira” entrenatzailearen iritziz. “Oso jokalari onak dira eta berehala egokitu dira jokatu nahi dugunera”. Alvarezek bere taldea “erritmo bizian” datorrela ikusten du, eta “nahi dugun jokoa egiteko bidean gaudela” sumatzen du. Era berean, uste du “taldea ondo kokatuta dagoela hasierari aurre egiteko”.
Elke Karstenek kolpea hartu zuen ezker lepauztaian denboraldiaurrean baina normaltasunez entrenatu da aste honetan. Erritmo apur bat falta bazaio ere, baliteke bihar minutu batzuk izatea. Bestalde, Eider Tapia pibotak utzita jokatuko du Aiala Zarautzen, eta Elene Vazquez – Granollers ohia- eta Naroa Zabala atezaina euren aukeraren zain egongo dira.
KH7 BM Granollersek, Guarieiro berreskuratu duenak, talde gaztea osatu du Guerreras Iberdrola Ligan aritutako brasildarraren inguruan: Capdevila, Castañera, Somaza, Kofler, Marta Mera, Ana González eta, gainera, Pamela Rodrigues brasildarra atezaina, Cristina Polonio Bera Bera talde ohiaren pivotea fitxatu ditu eta eskubaloirako berreskuratu du Anthía Espiñeira zentral galiziarra. Alvarezen ustez “ondo fitxatu du eta iaz baino pauso bat gehiago emango du”.
Andaluziako Maria Sanchez eta Maria Victoria Aviles epaileek zuzenduko dute partida.
Argazkia: Pablo Riega