super amara Bera Berak Leopard 's Cup txapelketako lehen edizioko finala jokatuko du bertako SPUC Pessac gaindituta (38-40, 20-19 atsedenaldian), bigarren zati bikain bati esker, Etxeberria eta Aalla nabarmenduta. Larunbatean 18,30etan, Beglais taldeari 35-34 irabazi duen Merignac izango du aurkari.
Partida hamar minutuko atzerapenarekin hasi arren, super amara Bera Berak indartsu ekin dio, defentsa sutsu eta erasoan eraginkor, posizioan nahiz kontraerasoan, 1-5 nagusi izan da lehen partzialean.
Karstenen bajari Silva (Egiako Torneoan erretiratu zen, belaunean min hartuta) eta June Loidi (sukarrarekin) gehitu behar izan zaizkio. Alvarezek Zabala atezain jarri du hasieratik, Tchaptchet eta Arroyo defentsaren erdian, Etxeberria eta Hernandez lagun eta Cavo eta Arrojeria hegaletan. Pistako seiek egin dute gola, Etxeberria oso eraginkor egon da kontraerasoan eta Cavo posizionalean. Baina, zazpi metroetan, Arroyok eta Louisek ez dute asmatu.
Kanporaketekin – lehen zatian bost, Pessacen bi bakarrik- etxeko taldea hurbiltzen joan da Riffaudi esker, barneraketan eta kontraerasoan (10-11). Dena den, Arrojeriak arnasa eman dio taldeari (11-14) baina frantziarrak, euren abiadurari esker, markagailuan hurbildu dira. Aldaketak iritsi dira, Vazquezek izan ezik, pistako guztiek jokatu dute eta Maubonek 18na berdindu du. Ondoren, Pessac aurretik jarri da, eta atsedenaldira abantailarekin iritsi da (20-19).
Bigarren zatiaren hasiera Maitane Etxeberriaren ikuskizuna iritsi da, Souvercazeren golarekin etxekoak 21-19 jarri arren, gipuzkoarrak berdindu du lehia. Alvarezek hasierako zazpikoa errepikatu du, Aalla atezain zela. Hernandez ere protagonista izan da bere golekin – bost bigarrenean –, eta abantaila eman du zazpi metroetatik. Arrojeriaren eta, nola ez, Etxeberriaren ekarpenarekin (sei gol bigarren zatian) super amara Bera Berak tartea ireki du. Aallak lagundu du korrika egitea bermatuz. Tchaptchet ere bikain aritu da beti zeozer lortuz, gola edo zazpi metroak (43 ': 23-28).
Aldaketak iristen dira eta partida kanporaketekin nahastu egin da –bigarren zatian ere beste bost-. Azken minutuetan, Pessac hurbildu da, Lahitte piboteak 30-33koa jarri du, Vazquezek erantzun dulearik baina Olivarrek gerturatu du Pessac (29-32). Erasoan egindako akats batzuek bizia eman diete frantziarrei, eta azken minutuan gol bakarrera jarri dira, Sheila Segurak zazpi metroetatik sartutako golari esker, halere, Fernandesek erantzun du lerro horretatik (38-40).
Larunbatean 18,30etan jokatuko da finala Pessac-eko Salle Bellegrave aretoan Merignacen aurka.
Fitxa: Super amara Bera Bera: Zabala, Etxeberria (9), Cavo (2), Tchaptchet (4), Arrojeria (3), Arroyo (3) eta Hernández (8, 4p) – hasierako zazpikoa- Louis (1), Fernandes (7, 2p), Gavilán, Menéndez, Erauskin, Boada (1), Vázquez (2), Aalla (o.a.).
Partzialak: 1-5, 6-8, 11-14, 13-15, 16-18, 20-19 – atsedenaldia- 22-22, 22-26, 24-30, 29-32, 32-37 eta 38-40