Ez da zorterik egon Q3 zozketan, gaur goizean Vienako EHFko egoitzan burutu dena. Super amara Bera Berak Norvegiako Sola HK gainditu beharko du European Leagueko multzoen fasean jokatu ahal izateko, aurkari gogorra, iaz Rocasa kanporatu zuena eta Camila Herrem erreferentzia moduan duen taldea. Azaroaren 12an joanekoa Norvegian eta 19an, itzulera Donostian.
Sola HK hirugarren sailkatu zen Norvegiako liga erregularren eta finalaurrekoetan Storhamar taldearen aurka amore eman behar izan zuen. Ligako maila agerian uzteko, txapelduna Vipers da, Europako txapelduna, Lysa Tchaptchet eta Paula Arcosen taldea, alegia. Europan, Solak Rocasari bi partidak irabazi zizkion, 29-32 Telden eta 34-28 Norvegian. Stavanger hiritik gertu gelditzen da Sola hiria eta tradizionalki Europan igande arratsaldean jokatu izan du. Multzoen fasean bi norgehiagoka baino ez zituen galdeu eta final-laurdenetan, joanekoan etxean (35-35) berdindu zuen Thuringerren aurka baina itzuleran galdu zuen (27-24). Hurrengo denboraldiari begira bere asmoa Txapeldunen ligan aritzea izan da baina EHFk ez dio gonbidapena onartu.
Jokalarien artean Camila Herrem da izar nagusiena, ezker hegaldeko internazioala, 37 urte urrian egingo dituena. Gazteen artean Kristina Novak eskuin albokoaren etorkizuna azpimarratzekoa da, iaz Eurokopan bi partida jokatu zuen, Norvegiak Danimarkari irabazi ziona Eslovenian. Horrez gain, Europan golegile nagusienak izan ziren Live Rushfeldt Deila albokoa (49 gol 10 partidetan), Maja Magnussen hegalekoa (44), Kristiane Knutsen (41) zentrala eta Novak bera (39 gol zazpi partidetan).
Norvegiako Rema 1000 ligan debutatuko du Solak abuztuaren 30ean igo berri den Follo HK taldearekin. Irailaren 5ean, 1200 ikusle sartze diren Asenhallenen Fana hartuko du eta azaroan super amara Bera Bera bisitari izan aurretik Storhamar izango du aurkari etxetik at.