‘Indar Urdina, Zure barruko grina/Lo llevas dentro' lelopean, super amara Bera Berak 23-24 abonatu kanpaina aurkeztu du gaur eguerdian Gascaren kanpoaldean, marea urdinari jarraitzaile gehiago gehitze aldera eta mila abonu gainditzeko helburuarekin.
Kizkur eta harrobiko jokalari lagun, super amara Bera Berako arduradun Tati Garmendiak azaldu duenez klubak abonatutako pertsonak saritzea erabaki du, “joan den denboraldiko prezioei eutsiko diegu”. Halaber, Garmendiak onartu egin du “pozik gaude joan den denboraldian errekorra (918) eman zelako” eta, horrez gain, jende gehiago hurbildu da Gasca, “Elxen aurkako finalaurrekoetara esate baterako”, Gasca ostiral gauean eta igande arratsaldean bete baitzen. Gainera, super amara Bera Berako arduradunak Besançonen aurka European League-n eta Rocasaren aurka jokatutako partidak gogoratu ditu. “Beraz, helburua etorri den publikoa fidelizatzea da”. .
Fideltasun hori errazteko, Tati Garmendiak azaldu du klubak “abonamendu berrietarako promozio bat egingo duela, eta prezioak uztailaren 31ra arte mantenduko ditugula”. Horrela, helduek 79 euro ordainduko dituzte eta 12 partiden truke, liga erregularreko hamaika eta final-laurdenetako partida ikusteko eskubidea izango dute. (Play down-a eroriz gero, ez litzateke ligaxka hori kobratuko). Jubilatuek eta haurrek (6 eta 14 urtekoak barne) 45 euro ordainduko dituzte eta abonu familiarra (bi heldu + bi haur), 158 eurotan dago. Uztailaren 31tik aurrera, abonuen prezioa 85, 49 eta 170 euroraino igoko da. Abonua egin.
Abonuarekin, heldu bati 6,6 euro aterako zaio partida bakoitza, lehiatilan, berriz, zortzi partiduk 10 euroko kostua izango dute, eta horietako lauk 15 eurokoa. Hau da, abonuarekin, gutxienez 61 euro aurreztuko dira, abonatutako pertsonak % 50eko deskontua izango duelako European Leagueko partidetan, eta balizko finalerdian eta finalean (aurten joan-etorrikoak dira). Gipuzkoan maiatzaren 10etik 12ra jokatuko den Kopako azken fasearen abonuaren ere beherapenak izango dira.
Tati Garmendiak play-offean jaio eta geratzeko etorri zen Indar Urdina leloa izan du hizpide. Gainera, jakinarazi du “inkesta txiki bat egin geniola gure harrobiari, eta Indar Urdina egungo gizartean beharrezkoak diren balioekin lotu zuten, hala nola konpromisoa, indarra, talde-lana, leialtasuna, anbizioa, Bera Bera sentimendua…”. Eta harrobiaren eta lehen taldearen arteko lotura hori ere aipatu du: “Beharrezkoa da entrenatzen ikustea, hurbiltzea, eta horregatik da garrantzitsua saio batzu Bidebietan egitea”.