super amara Bera Berak EHF European League Women 2022-23 txapelketan izena eman du, Guerreras Iberdrola liga erregularreko lider gisa. Horrela, Europako kluben arteko bigarren txapelketa nagusian laugarren aldiz jarraian parte hartuko du, eta 1993an debutatu zuenetik, Europan 28. aldiz arituko dira donostiarrak.
Espainiako Eskubaloi Federazioak super amara Bera Berari European Leagueko 1.plaza zegokiola adierazi zion. Bigarrena, ligako txapeldun Costa del Sol Málaga taldearen esku dago.
Super Amara Bera Berak administrazio-izapideak bete ditu, besteak beste, 15.000 euroko fidantza jarri du EHFn eta partidak jokatzeko bi kirol instalakuntza ezarri: Josean Gasca eta Illunbeko Donostia Arena.
Europako Federazioak uztailaren 11an argitaratuko du parte hartuko duten taldeen zerrenda, bakoitzaren ibilbidea zehaztuko dute ondoren, kanporaketetan kokatuz eta uztailaren 18an zozketatuko du Q1 lehen kanporaketa, abuztuaren 27an eta irailaren 2rako aurreikusita dagoena. Halere, azkeneko hiru urtetan ez da Q1 jokatu European Leaguen.
Irailaren 23an eta 30ean jokatuko den Q2 kanporaketa irailaren 5ean zozketatuko dute eta Q3, multzoen fasera sartzeko aukera ematen duen kanporaketarena urriaren 3an, azaroaren 11n eta 18an jokatuko dena. Halere, uztailaren erdialdean data guztiak konfirmatuko dira.
Multzon fasea jokatzea – 2024ko urtarrilaren 6tik otsailaren 18ra arte – da super amara Bera Beraren helburua datorren denboraldirako. Azkenekoetan ligaxkara ematen duen kanporaketan amore eman behar izan dute donostiarrek. 2020-21 denboraldian, harmailak hutsik zirela, Zvezdak mendean hartu zuen –berdinketa Gascan (27-27) eta 29-24 galdu Errusian-; 21-22an, Paris 92 etxetik kanpo gainditu ostean – 27-27 Gasca eta 21-26 Parisen- Ramnicu Valcearen aurka galdu zuen (34-28 Errumanian eta 27-29 Gascan, bost goleko aldea izan arren bigarren zatiaren hasieran), eta iaz ezin izan zuen Frantziako Besançon taldearekin (32-29 eta 24-27).