Egun Kantabrian Espainiako selekzioarekin konzentraturik dauden Esther Arrojeria, Maitane Etxeberria eta Laura Hernández, beste urtebetez arituko dira super amara Bera Berarekin.
11 urte egingo ditu Arrojeriak ohorezko mailan -2012ko urrian debutatu zuen - eta aurtengo denboraldia “onenetariko bat” izan dela aitortu du usurbildarrak. “Taldean inportante sentitu naiz eta Europako txapelketa jokatzeko aukera izan dut sentsazio onekin gainera”. Horrez gain, bere ustez “denboraldi bikaina egin dugu, finalerdian galdu genuen baina asteak pasatu ahala uste dut pozik egon behar dugula, talde lehiakorra izan gara, liga erregulara irabazi dugu eta Superkopa eta Kopako tituluak eskuratu, azkeneko urtetan lortzen ez genituenak”.
Ondorioz, Arrojeria “pozik” da hitzarmena berritu duelako super amara Bera Berarekin “etxeko taldea da, nire jendea, oso gustora nago eta erronka berriei ekiteko gogotsu”. 267 partida jokatu ditu elitean eta 798 gol sartu. Datorren denboraldiak “ilusio” handia sortzen diola dio. “Erronka berriak izango dira guretzako, European Leagueko multzoen fasean sartzeko irrikan gaude, Iberiar Superkopak formato desberdina, Kopa berriro etxean eta ea arantza kentzeko aukera dugun eta iaz bizi genuena errepikatu, antolakuntza zoragarri izan zelako eta ligan, berriro play-offak, emozio handikoak izan direnak eta amaiera arte borrokan egotea izango da gure nahia”.
Bestetik, Maitane Etxeberriak irailean 10 urte egingo ditu ohorezko mailan, 2013an debutatu zuelako, 16 urte bestetik ez zituela. 292 partida jokatu ditu eta 725 gol sartu Bera Berarekin. Ondorioz, 11. denboraldiari ekingo dio gipuzkoarrak.
Laura Hernándezek, berriz, laugarren denboraldia beteko du super amara Bera Beran, non 301 gol sartu dituen. “Ilusionatuta” hitzarmena berritu duelako, “pozik” dago taldeak egin duen urtearekin. “Porrot batekin amaitu dugu liga baina egindako lana aipagarria izan da, Kopa eta Superkopa lortu ditugu, urteak generamatzan irabazi gabeko tituluak, eta liga erregularrari esker European Leaguen jokatzeko aukera izango dugu”.
Zentzu honetan, elxetarrak dio “European Leagueko multzoen fasea jokatzea da agian ilusio gehien egiten digun erronka eta horrez gain hiru tituluak lortzen saiatu gara”. Hernández selekzioara bueltatu da. “Pozik nago eta hautatzaileari gauzak zailak jartzen saiatuko naiz”.