Alice Fernandes Silvak eta Maddi Aallak hirugarren denboraldia beteko dute elkarrekin super amara Bera Beran, eta talde donostiarrak 23-24 denboraldirako atea zaintzeko bi jokalari nagusienak itxi ditu.
super amara Bera Berara iristen lehena Alice Silva brasildarra izan zen, 2020-21 denboraldian Renata Arrudarekin batera jokatu zuena. Hurrengo urtean Maddi Aalla bizkaitarra heldu zen eta biak bikain uztartu dira ligako bikoterik erabakigarriena izateko.
Alice Fernandes Silvak aitortu du “bere denboraldirik onena izan dela Espainiako ligan egin ditudan bost urteetarik”, eta, logikoa denez, super amara Bera Berako hiru kanpainetako onena, alegia. “Bai banaka, bai taldeka, talde itzela izan garela uste dut, eta pixkanaka-pixkanaka eboluzionatu egin dugula”. Gainera, “hemen oso ondo nago, nire etxea bezala da, taldearen giroa primerakoa da, entrenatzailea, hiria…”.
Atezain brasildarrak jakinarazi duenez, aldagelak “European Leagueko multzoen fasera sailkatu nahi du datorren denboraldian, tituluak lortzen, lehiatzen eta irabazten jarraitu”.
Maddi Aallak berretsi du. “Datorren denboraldian denengatik borrokatuko dugu, baina helburu nagusia European Leagueko multzoen fasean sartzea da eta ea Kopa etxean uzten dugun”. Atezain bizkaitarrak aitortu du “oso pozik” dagoela hitzarmena berritu duelako, eta uste du “urte ona izan dela Kopa eta Superkopa lortu izana – hiru tituluak ditu jada-, eta ontzat jo du Guerrerekin izandako esperientzia. “Uste dut urte zaila izan dela, baina, aldi berean, disfrutatu dugu. Asteak igaro eta burua argiago daukadanean, argiago baloratuko dut”. Bere ustez, “denboraldi bikaina izan da, gauza asko lortu ditugu eta arlo pertsonalean ere taldeari laguntzen”. Alicekin osatzen duen taldearekin ere “pozik” dago Maddik, “oso ondo ulertzen dugu elkar, eta elkarri izugarri laguntzen diogu”.