super amara Bera Berak bihar (18,15ean) Tolosako Usabal kiroldegian Grafometal La Rioja hartuko du Guerreras Iberdrola ligako 15. Jardunaldiari dagokion partidan. Imanol Álvarezen ustez “humil esango nuke norgehiagoka gure baitan dagoela”.
Ez da lehenengo aldia super amara Bera Berak partida ofizialak Gipuzkoara eramaten dituela. Ligan, iaz Zumaian Handbol Sant Quirze hartu zuen eta 2015ean Valencia taldea Zarautzen, halere, askoz gehiago izan dira Europako kanporaketak lurraldean zehar. Oraingoan, 50 urteurrena ospatzen ari den Tolosa Eskubaloiaren eskaera ontzat hartu du super amara Bera Berak. Álvarezen iritziz, “klubak horrelakoak egin behar ditu, oso positiboa da. Iazko esperientzia Zumaian oso polita izan zen, jende gazte pilo bat gerturatu zen eta gustora egiten dugu gauza bat da”.
Partidaren inguruan, Grafometal La Rioja hiru puntu ditu, azkena da sailkapenean, partida bat gutxiago duela –Guardés hartuko du datorren astean-. Neurketa tramitetzat hartu daiteeken galdetuta, Álvarezek ohartarazi du “hori pentsatzea arriskutsua da eta ez da erraza izango”. Gainera, lehen itzuliko partida gogorarazi du “bigarren zatiko 10. minutura arte ez genuen norgehiagoka apurtu”. “La Rioja taldea indarberritu da Geandra Rodrigues atezainarekin Kely Rosa albokoarekin eta Silvia Ederra pibotearekin” gaineratu du.
Puntuaz gain, Imanol Álvarezek formak ere zaindu nahi du. “Irabazi behar dugu baina denoi gustatzen zaigu ondo jokatzea, maila altua ematea eta lehiakorrak izatea. Hori ezean gauzak gaizki egiten dugun seinale” dio. Horregatik, partida bere taldearen baitan dagoela uste du. “Defentsan sentsazioak positiboak dira baina jaurtiketetan gehiago asmatu behar dugu. %50an gaude, aurkarik baino jaurtiketa gehiago egiten ditugu, gure atezainek geldiketa gehiago egiten dituzte baina azken partidetan kosta egin zaigu” (Elxen berdindu zuen super amarak). Bestalde, irabaztekotan tartea zabalduko dutela aipatu du entrenatzaileak, jardunaldian Porriñok Málaga hartuko baitu eta Rocasak, Elx.
Biharko partidarako, Sara Gil eta Emma Boada jokalarien bajei Malena Cavo eta Alba Menéndez gehitu zaite. Argentinarrak –Elxen ez du parte hartu – eskuin belaunean arazoak ditu eta kapitainak, bizkarrean. “11 jokalari eta bi atezain goaz, ez dago aitzikirik” amaitu du Imanol Álvarezek. Sergio Gutiérrez y Sergio Martínez valentziarrek zuzenduko dute neurketa eta Ligan derrigorrez denez, Tolosatik streaming egongo da.