super amara Bera Berak Malaga eta Galizia lotu ditu. Guerreras Iberdrola Ligako bederatzigarren jardunaldiari amaiera emango dion partida prestatu du A Guardan, Mecalia Atlético Guardesi esker eta Conservas Orbe Rubensa Porriño izango du zain bihar (20,30etan, Abel Juncal eta Ángel Mateos, Galiziarrak).
Ismael Martinezek zuzentzen duen taldea super amara Bera Berarekin berdinduta dago sailkapenean, baina donostiarrek baino partida bat gehiago du. Abenduaren 10ean jokatu behar zen norgehiagoka bihar jokatzea onartu zuten galizarrek, gipuzkoarrek Europako kanporaketa presta zezaten. Conservas Orbe Rubensa Porriñok bi partida baino ez ditu galdu eta biak gol batez, lehen jardunaldian Gijonen aurka (26-27) eta bestea, Malagan (27-26). Aitzitik, Barakaldon, Granollersen eta Elxen irabazi du, eta bere kantxan Beti Onak, Aula, Guardes eta La Rioja taldeak hartu ditu mendean (11. jardunaldia aurreratzeko partidan).
Bestalde, super amara Bera Berak astelehen goizean atseden hartu zuen eta arratsaldean Galiziara hegazkinez iritsi zen. Gaur A Guardan burutu du saioa, bihar goizean gauza bera egingo du eta arratsaldean O Porriñora joango da, Paula Arcosen partaidetza kolokan, eskuineko hatz lodian lotailua ukituta duelako.
Gipuzkoarrak partidaren zailtasunaz jabe dira. Izan ere, iaz berdinketa bat urratu zuten ozta-ozta eta Porriño egiten ari den denboraldia ikusita erne ibiltzeko modukoa da. Maddi Aallak onartu du “zaila” dela Superkopako partidaren ostean “berriz ligan kokatzea”, halere, “orduak aurrera joan ahala kontzentratu egingo gara”. Gorlizko atezainaren iritziz, “garrantzitsuena hasieratik % 100ean irtetea da”