Haizea Urretabizkaia, Shula Gavilán eta Anne Erauskin, hiru egoera ezberdinak baina ezaugarri bera: larunbatean, abenduak 3, Besançoneko Palais des Sports Ghani Yalouz (20etan) pistan European Leagueko aurreneko partida biziko dute.
Irungo ezker hegalekoa Sara Gilen lesioa dela eta sartu zen iazko denboraldian taldean. Urretabizkaia otsailean hasi zen lehen taldearekin entrenatzen eta Xixonen behin Liga irabazita, Imanol Álvarezek minutuak eskaini zizkion Gascan Morvedre eta Zonzamas taldearekin eta Telden Rocasarekin. Guztira, bost gol sartu zituen. Sara Gilen baja areagotuta, ebakuntza tarteko, Urretabizkaiak ez du deialdi bat galdu super amara Bera Berarekin eta etenaldian ere Euskal ligako taldearekin aritu da. Larunbatean esperientzia berri bat biziko du, European Leagueko joaneko partida ESBF Besançon taldearen aurka hiru mila pertsona elkartuko duen pistan.
Shula Gavilán argentinarrak beste ibilbidea du, hiru Mundial jokatu ditu baina ez du Europan jokatzeko aukerarik izan. Halere, Arcosekin batera –iaz Guardésekin kanporaketa hau jokatu zuen- plantillako jokalari bakarra da Besançonen aritu dena, Plan de Cuques taldearekin bi urte egin zituelako. “Oso pista zaila da, zale asko elkartzen dira eta horrek gure aurka ez egitea saiatu behar dugu, kontrakoa baizik, gure mesederako, lasai joan, gozatzen saiatu eta gure jokua egin”. Bere ustez, gakoa da “defentsa sutsua egin eta kortraerasora atera” eta azpimarratu du itzulera partida “etxean da” (abenduaren 11n, igandea 12,10etan).
Anne Erauskinek jubenil eta junior selekzioekin eskarmentua du, besteak beste, junior mailako Mundiala jokatu zuen Hungarian 2018an. Eta ligan ehungarren partida atarian dago ermuarra. Larunbatean Europan egingo du debuta. Eskuin hegalekoa super amara Bera Bera azkar moldatu da, 16 gol sartu ditu jokaturiko zortzi partidetan eta duen kalitatea erakutsi du.