Ia hamar urte pasa dira Bera Bera emakumeen eskubaloiko ohorezko mailako azken partida Nafarroan jokatu zuenetik. 2013ko otsailaren 13an izan zen Lizarran, Itxako desagertu aurretik. Atarrabiako Beti Onak taldeak nafarren lekukoa hartu du eta Super Amara Bera Berak debutatuko du larunbatean (18etan) Indurain Anaiak izeneko kiroldegian.
2000. urtean Itxako elitara igo aurretik, donostiarrek Oberena izan zuten aurkari. Iruñeako taldea 1995ean igo zen eta ohorezko mailan hiru deboraldi egin zituen, birritan koinziditu zuen Corteblanco Bidebietarekin, lau partidak bereganatu zituenak.
Itxakorekin ezberdina izan zen. Lizarrako taldeak 11 denboraldi egin zituen elitean, lau Liga eta hiru Kopa irabazi zituelarik. Intentsitate handiko derbiak izan ziren, Bera Berak zazpi irabazi zituen –Lizarrerian, lau-, lau berdinketa eman ziren eta nafarrek 13 garaipen lortu zituzten. Eta kanporaketa beroak Kopan, donostiarrak lau aldiz nagusitu ziren eta nafarrak, hiruetan. Azkena Alteako finalean 2012an.