Gaur arratsaldean EHFk Vienan duen egoitzan European Leagueko Q3 txapelketari dagokion zozketan, Super Amara Bera Berari ES Besançon frantziarra egokitu zaio, lehen partida Frantzian, abenduaren 3-4an izango dena eta itzulera Gascan, abenduaren 10-11n.
Aurkariak Mecalia Atletico Guardes kanporatu zuen iaz kanporaketa honetan (64-47), hiru partida irabazi zituen multzoen fasean eta final-laurdenetan amore eman zuen Bietigheim alemaniarrarekin, European Leagueko txapelduna izan zena.
Egun seigarren da Frantziako ligan. Dijonekin eta Chambrayren aurka galtzetik dator, Parisen berdindu zuen eta Merignac eta Toulon taldeei irabazi die. Bere erreferentziazko jokalarien artean Frantziako Audrey Dembelé (ezker albokoa) eta Lucie Granier (eskuin hegalekoa), Montenegroko ezker hegalekoa, Nada Corovic eta Natalia Nosek eskuin alboko poloniarra nabarmentzen dira. Horrez gain, Alizée Frecon zentral frantziarra.
Balorazioak
Imanol Alvarez entrenatzailearen ustez, “aukerak” izango ditugu. “Une hau iristea nahi genuen, eta orain gure esku dago, partida prestatzeko liga erraza da, eta kanporaketari 120 minutura egin behar diogu aurre, iazko Valcearen esperientzia daukagu gauza bera gerta ez dadin”. Super Amara Bera Berako entrenatzaileak “partida gogorrak eta fisikoak“ izango direla uste du, eta ziur dago “gu ere maila berean egongo garela, badakigulako zer sari dagoen eta multzoen fase hori jokatu nahi dugulako”.
Alba Menéndez kapitainak ere gauza bera esan du: “partida onak, parekatuak eta borrokatuak” ikusten ditu. “Multzoen fasea jokatu zuten iazko esperientzia dute, baina kanporaketa zaila, polita eta lehiatua izango dela uste dut”. Etxeko bigarren partida izanik, Menendezek gure publikoarekin “sailkapena ospatzea” espero du.