Guerreras Iberdrola Ligak asteburu honetan atseden hartuko duen arren, Super Amara Bera Berak eta Mecalia Atletico Guardesek zortzigarren jardunaldiko partida jokatuko dute urriaren 16an (Gasca, 12etan), ordena aldatuta, kluben arteko akordio bat medio.
Konpromiso berri honen aurrean, Imanol Alvarezek “urrats bate matea eskatu die jokalariei”. “Gijonen aurka baino kontzentratuago atera behar dugu, partidan sartzea kostatu zitzaigun eta une onak eta ez hain onak nahastu genituen”. “Norgehiagokan topera sartu behar dugula jakin behar dugu, kontzentratuta, aurkaria errespetatuz” adieerazi du. Eta Mecalia Atletico Guardesen aurka “ez da partida erraza izango” susmoa du. Super Amara Bera Berako entrenatzaileak “sasoi onean” ikusten du bere aurkaria. “Hasieran zalantzak zeuden, bajen ondoren, baina benetako Guardes agertzen ari da. Arazoak sortuko dizkigu”. Alvarezek ez du “ezberdintasun handirik” ikusten beste urteekin alderatuta, “eta nik konfiantza nuen Abel Gonzalezengan, klubarengan, taldearengan, eta asko harrituko ninduke aurreneko postuetan ez egoteak” gaineratu du.
Bere taldeari dagokionez, Maddi Aallak eta Cristina Poloniok “arazoekin” daudela iragarri du, “baina horrek ez du esan nahi baja direnik”. Hori dela eta, Eider Tapia igandean deituko dute eta agian Oihane Bautista atezaina.
1990eko irailean elitean debuta egin zuen taldeak Ligako 800. partida jokatuko du igandean. Datu horri buruz galdetuta “polita da, historikoa, ondo hitz egiten du klubaz, eta harro nago hemen egoteaz”. Hori dela eta, “etxean jokatzen dugu, bi puntu horiek nahi ditugula goiko zatian jarraitzeko”.
Horrez gain, Imanol Álvarez egunetik egunera “hobetzen” saiatzen da. “Joko perfektua lortzea utopia bat da, baina utopia horri begira lan egin behar da beti, aurreko eguneko lana hobetzeko asmoz, gozamena hor baitago, egunero talde gisa eta banaka hobetzeko gai izaten”.