Guerreras Iberdrola ligako egutegiak aldaketa garrantzitsuak izango ditu urrian, izan ere, Super Amara Bera Berak Motive.com Gijón taldea Josean Gascan hartuko du urriaren 5ean (asteazkena, 19etan) eta urriaren 16an, igandean 12etan, Mecalia Atlético Guardés.
Asturiarrek Europan urriaren 8an Italian debutatuko dutenez, Mestrinoko Alì-Best Espresso taldearen aurka, data horretan Donostian jokatzekoa zen norgehiagoka urriaren 5era aurreratu da.
Bestetik, Super Amara Bera Bera eta Mecalia Atlético Guardés taldeek zortzigarren jardunaldiari dagokin partida Donostian urriaren 16an (igandea, 12etan) jokatzea adostu dute, Europari ekiteko abenduko lehen astea libre uzte aldera. Bi taldeek abenduaren 3-4an debutatuko dute Europan, oraindik aurkaria zehazteke zozketa urriaren 18an izango baita.
Halere, bi klubek kanporaketak hobeto prestatzeko erabakiak aldez aurretik hartu dituzte. Eurokopa osteko lehen partida Caja Rural Aula Valladolid azaroaren 26an hartu ostean, Super Amara Bera Berak Galizara birritan joatea egokitu zitzaion, European Leagueko Q3 kanporaketa erdi-erdian, hau da, abenduaren 3an A Guardan eta abenduaren 10ean O Porriñon. Aldaketaren ondorioz, Federazioak onartuta, abendu hasierako egun horiek libratu dituzte. Gainera, urriaren 15-16an Super Amara Bera Bera eta Mecalia Atlético Guardés libre zuten, Kopako lehen kanporaketarako utzi baitzen, eta European Leagueko Q2a nahiz European Cup lehen kanporaketa ospatuko dira bertan.
Horrez gain, A Sangriña kiroldegietan obretan egonda, Bera Berak ordenaren aldaketa onartu du, hau da, bigarren itzuliko partida A Guardan jokatuko da 2023ko martxoan.
Ondorioz, Super Amara Bera Berak urrian hiru partida jokatuko ditu etenaldira iritsi aurretik: arestian aipatutako 5ean eta 16an eta urriaren 22an Atarrabiako Indurain Anaiak izeneko kiroldegian Gurpea Beti Onak Azparren Gestión taldearen aurka jokatzeko. Sei puntuekin, nafarrak donostiarrekin batera daude sailkapenean Grafometal La Rioja, Motive.com Gijón eta Caja Rural Aula Valladolid taldei irabazi ostean.