Super Amara Bera Bera aurredenboraldiko erdialdera iritsi da. Liga hasteko hiru aste falta direnean, Costa del Sol Malagaren aurka (irailak 2, ostirala, Gascan 18,15etan), gipuzkoarrek abuztuko asteburu osoa libre bakarra izango dute eta Imanol Álvarez entrenatzaileak balantze positiboa egin du “denetarik izan dugu egun hauetan”.
Donostiarrek bi lagunarteko jokatu dituzte Zubileta Evolution BM Zuazoren (37-21) eta Mérignacen (32-40) aurka bi garaipen sendorekin, baina oraindik sei lehia interesgarri geratzen dira. “Partidetan oso ondo egon gara, taldeak espero genuen bezala erantzun du, eta bagenekien jokalari berriek asko lagunduko zigutela”. Puntu negatiboa, lesioak. "Pena da Sara Gilen, Anne Erauskinen eta orain Cavoren –ebakuntza egingo diote- bajak; gerta daitezkeen gauzak dira, eta moldatu egin behar dugu". Bi lagunartekoetan, Super Amara Bera Berak 5-1 eta 6-0 defentsak erabili ditu. “Plus bat gehiago izan nahi dugu joko mota horretan”, azaldu du Alvarezek. “Arcosekin, Gavilanekin eta Erauskinekin, egindako fitxaketek, askoz aukera gehiago emango dizkigute, posizio horretan lehendik genuen jokalariekin batera Arcos gehitu dugu aurrean kokatzeko”. Bere ustez, “erasoan, Shulak lekua ondo hartzen du eta horri etekina ateratzeko gai bagara, ekarpen handia emango digu”. “Pozik nago, Anne ez dugu oraindik ikusi, baina ziur nago asko emango digula” gaineratu du.
Alvarezek interesgarria ikusten du Frantziako Belles de Deux Servreseko izeneko txapelketa. “Aurrerapauso bat da, klubean horrelako txapelketak jokatzera joateaz hitz egin genuen, maila handiko hiru partida izango dira”. Super Amara Bera Berak Celles sur Belle herrian Abuztuaren 16an, asteartea (18,15etan) Danimarkako Ikast taldearen aurka– hirugarrena European Leaguen eta bere ligan – eta abuztuaren 19an (17,15etan) TSV Leverkusen-en aurka neurtuko ditu indarrak. Asteazkenean berriz Thoursen (20,15etan) txapelketaren antolatzaile Celles sur Belle-ren aurka jokatuko du. “Astebete elkarrekin egotea ona izango da bizikidetzatik ikusita”, azaldu du teknikariak. Horrez gain, “maila handiko taldeen aurka jokatuko dugu, beste eskubaloi mota baten aurka, orain sasoia hartzen lagunduko digu, neurria ikusten eta Europako joko mota horretan sartzen, European Leaguera begira ondo datorkigu”.
Oihane Bautista eta Eider Tapia taldearekin entrenatzen ari dira eta biak lagunartekoetan izan dira. Imanol Alvarezen ustez, aurreko denboraldian Aallaren baja bete zuen atezainak “hazten jarraituko du” eta Eider Tapiak “potentzial handia” duela dio. “Oso ondo egiten du lan, jokalari ona izateko aukerak ditu, badakit oinarrizko selekzio nazionalek jarraitzen dutela, oraindik gazte izatea ordaindu behar du, baina gero eta ausartago dago, eta entrenamenduetan asko laguntzen digu”. Imanolek ere ez ditu ahaztu “Urretabizkaia, Zolezzi eta Lizeaga, entrenamenduetan hobetzen laguntzen digutelako eta orain lesioekin beharrezkoagoak direlako”.
Argazkia: Luis Epelde