Baionako Laugako Palais des Sportsek hartuko du bihar astezkena 17etan Super Amara Bera Berak jokatuko duen bigarren lagunartekoa, Frantziako Merignac taldearen aurka.
Lagunarteko hau ohikoa bihurtu da azken urteotan, leku ezberdinetan jokatu dena: Bordele, Baiona edo Donostian (Bidebieta eta Egia).
Mérignac taldeak ez zuen arazorik izan Frantziako liga indartsuan maila mantentzeko, eta ez du aldaketa handirik izan iragan denboraldiko jokalariekin alderatuta; besteak beste, Anouck Clément pibota Dijon taldetik etorri dena eta Bourg de Péage taldetik datorren Sofia Deen, Danimarkako ezker hegalekoa.
Ekipazioak aurkeztu ostean, Maitane Etxeberriak, Paula Arcosek eta Maddi Aallak komunikabideak hartu dituzte.
Zuazoren aurkako lehen lagunartekoaren ondoren, Etxeberriak “oso ondo” ikusten du taldea, “hobetzeko gauzekin, baina ondo entrenatzen ari gara eta garrantzitsua da beste liga batzuetako taldeen aurka jokatzea”. Iritzi bera du Maddi Aallak: "Topera hasi gara eta fisikoki oso ondo gaude". Atezain bizkaitarraren ustez garrantzitsua da “minutuak banatzea eta lehiaketa dinamikan sartzea”, eta Merignacen aurkako lagunartekoa partida “estua” izango dela uste du. Bestalde, Paula Arcosek ulertzen du “aurreko larunbateko sentsazioak onak izan zirela talde osoarentzat”, eta denboraldi-aurre “exijentea” ikusten du, “ligan aurkituko dugunarekin bat datorrena”. "Oso ondo etorriko zaigu joko estilo desberdinak dituzten aurkarien aurka jokatzea" gaineratu du.
Gil eta Erauskin bezala Malena Cavo ere baja izango da bihar. Argentinarrari belauna ihes egin zion atzoko entrenaldian eta gaur erresonantzia egingo diote lesioaren nondik norakoak jakin ahal izateko. Eider Tapia eta Oihane Bautista berriro izango dira taldean.