Tati Garmendiak Anne Erauskin aurkeztu du gaur Bidebietan, Ermuko eskuin hegalaria, Zubileta Evolution BM Zuazon azken lau denboraldi eman ditu eta datorren denboraldian Super Amara Bera Beran arituko da “gogotsu eta ilusioz”.
23 urterekin – 24 urte beteko ditu azaroan- Erauskinek uste du “heldutasuna nahikoa dudala horrelako erabaki bat hartzeko”. “Cardoso joan zenetik banekien lanpostu bat libre zegoela, eta nire ametsik onenetan ere ez nuen uste deituko zidatenik, eta ilusio handia egin zidan telefono dei horrek”, onartu du. Bere ustez, Super Amara Bera Bera “lehen nengoen baino maila altuagoa da, aurrerapauso garrantzitsua, eta psikologikoki eta mentalki prestatuta nagoela uste dut”. Eta argudiatzen du. “Lau urte dira ohorezko mailan, Zuazon eboluzioa oso ona izan da, esperientzia hartu dut mailan eta nire ustez hegalean erakusten dudan konfiantza- eta segurtasun-maila dezente aldatu da”.
Erauskinek Maitane Etxeberriarekin partekatuko du postua. “Uste dut asko lagunduko didala, eta oso ondo egongo naiz berarekin”. Imanol Alvarez ere ezagutzen du Errotabarri Ermuan eta junior mailako selekzioan egin zuen etapatik. “Elkar ezagutzen dugu, erabakia hartzeko beste pizgarria zen, eta haren filosofia eta izateko modua ikusita, uste dut oso gustura egongo naizela” adierazi du.
Ermuko eskuin hegalariak presio handiagoa izango duela onartzen du, “baina aurrera begiratu eta datorrenari aurre egin nahi dio”, eta ziur dago “Europan jokatzea aberatsa izango da eta pertsonalki eta kirol maila hobetzen lagunduko didala”.
Bestalde, Bera Bera eskubaloiko arduradunak, Tati Garmendiak, Erauskinen "heldutasuna" ere azpimarratu du, "Gure joko eskeman sartzen da, azkarra da, bigarren postuan defenda dezake eta garrantzitsua izan daitekeen hegalaria da".
Ondoren, jokalaria Ammma zentrotik pasatu da balorazioa egitera ondorengo lanak zehazteko baliagarria izango dena.