Pibota internazional argentinarra Giuliana ‘Shula’ Gavilán, Frantziako Butagaz Energie ligan aritu den Plan de Cuques taldetik datorrena, 2022-23 denboraldian Super Amara Bera Beran arituko da.
Argentinako Kordobako probintziako Villa Marían jaioa duela 26 urte, 2016az geroztik finkoa da Argentinako selekzioan, ‘Garra’rekin hiru Mundialetan jokatu duelarik. Guerreras Iberdrola Liga ezagutzen du Gavilanek, Liberbank Gijón taldean bi denboralditan (2018-19 eta 2019-20) jokatu zuelako eta Frantziako ligan aritu den aurreneko argentinarra izan zen. Plan de Cuques taldean azkeneko bi urtetan aritu da helburuak lortuz, mailari eutsi dutelarik alegia. 2020-21 denboraldian Nely Carla Albertoren taldekidea izan zen.
Internazional argentinarrak protagonismo handia izango du Super Amara Bera Bera 2022-23 denboraldian izan ere Elisabet Cesáreo eta Ainhoa Etxeberriaren bajak betetzera dator. Bera Bera Eskubaloiko arduradun Tati Garmendiak azpimarratu du “Gavilanen lan egiteko gaitasuna, adin aproposa du, eskarmentua nazioartean eta Frantziako ligan aritu denez berme handiko jokalaria da”. Super Amara Bera Berak Shula Gavilán ekainaren 13an aurkeztuko du Donostian.