Maddi Aallak eta Alice Fernandes Silvak, gutxienez, beste denboraldi batez jarraituko dute Super Amara Bera Beran, hortaz, Tati Garmendiak azpimarratu duen bezala “ateko postuak ondo itxita dauzkagu”.
Bera Bera eskubaloiko arduradunak adierazi duenez, “biek denboraldi bikaina egin dute, inor ez dela ezinbestekoa erakutsi dute eta bikote bikaina osatu dute. Uste dut primeran moldatu direla denboraldi osoan”.
Beraz, Alicek hirugarren denboraldia beteko du eta Maddik, bigarrena. Gorlizkoa Espainiako selekzioak Kantabrian ekainaren 13tik 18ra egingo duen kontzentraziora eta Oranen (Aljeria) ekainaren 25etik uztailaren 5era egingo diren Mediterraneoko Jokoetara joango da.
Tati Garmendiak esandakoa berresteaz gain, Alice Fernandesek esan du “pozik dagoela berritu duelako”. “Ohore handia da ligako klubik onenean egotea, bai kirol arloan eta profesionaltasunari begira” dio Sao Paolokoak, gaineratuz, bai bera eta bai Aalla “ondo egon garela”. Bizkaiko atezainarekin izandako bizikidetzaz “oso pozik” dagoela esan du “ez nuen Maddi ezagutzen baina oso urte ona izan da”.
Aallak aurrekoa partekatu du. "Oso pozik nago, aldaketa handia zen niretzat, baina oso ondo sentitu naiz pista barruan eta kanpoan". Bere taldekideak bezala, Aallak ere talde gisa “denboraldi bikaina egin dugula ulertzen du, eta Alicek eta biok ere bai. Oso ondo ulertu dugu elkar”. Horregatik, “datorren denboraldian ere irabaztera aterako gara, Alicekin postua partekatzea plus bat taldekide handi bat delako”.
Fernandesek aitortu duenez, “gure postuan bakarrik gaude oso, eta oso garrantzitsua da norbaiten laguntza, zurekin ospatzea, animatzea” eta hori biek baloratu dute. Aallak, bere aldetik, “presio txiki bat onartu du, beti irabaztera ateratzen garelako, baina behin zelaian kontzentratu eta emaitzak iritsi egiten dira2. Biek adierazi dute “lehiaketa osasuntsua dela eta horrek hobeak egiten gaitu”.
Renata Arrudaren irteeraren ondoren aurrerapausorik eman ote duen galdetuta, Fernandesek aitortu du “sentitzen nuen erantzukizun handiagoa hartu behar nuela, urratsa eman dudala uste dut eta Maddiri lagundu ahal izan diodala eta harengandik ere asko ikasi dudala”.
Aallak, bestalde, “taldean hazten jarraitu” nahi du, “Alicengandik eta ditugun entrenatzaileengandik ikasiz eta aurrera eginez”. Espainiako Federazioak baieztatu du Super Amara Bera Berako atezaina Mediterraneoko Jokoak jokatuko dituzten 16 jokalarien artean dagoela. Deialdi horren aurrean, Aallak esan du "beste urrats bat da niretzat, eta hor egotea garrantzitsua da”.
Autocares Davidekin Loiurantz abiatu aurretik egin dute agerraldia, eta biek batera erantzun dute: “Rocasari irabaztea izugarrizko poza litzateke”.