Super Amara Bera Berak Mariane Fernandes eta Malena Cavo alboko jokalariak beste denboraldi baterako berrituko dituela iragarri du gaur goizean, Tati Garmendiaren iritziz “taldean paper garrantzitsuak dituztenak”.
Bi jokalariak “oso pozik” agertu dira euren jarraipenagatik. Fernandesek laugarren denboraldia beteko du eta Cavok, hirugarrena. Brasildarrak “taldearekin, neskekin, teknikariekin eta klubarekin etxean bezala sentitzen” dela onartu du. Fernandesek azaldu duenez, “Tatik deitu zidan, zalantzaren bat nuen baina uste dut gaur ez dagoela hemen baino leku hoberik, oso ondo nago, oso pozik, eta beste urtebetez sinatuko dut”. Brasilekin internazionalak zehaztu duenez “pista barruan nahiz kanpoan neskekin dagoen giroa gustoko dut, Donostia oso hiri polita da, oso ondo nago hemen, tarte onak pasatzen ditugu… Bera Beratik dena gustatzen zait”.
Bestalde, Malena Cavok adierazi du Bera Bera “asko esan nahi duela”. “Argentinatik ateratzeko ateak ireki zizkidan kluba delako, lehen baino askoz maila altuagoan jokatzeko aukera eman zidan”. Bi denboraldi hauetan “esperientzia paregabeak bizi izan ditut, kirol arlotik hasi eta arlo pertsonalera arte; izan ere, taldekako, giza arloan, klub paregabea dela iruditzen zait, eta ilusio handia egiten dit beste urtebetez egoteak”. “Maila honetan lehiatzea aprobetxatu egin behar da, eta jokalarioi ate asko irekitzen dizkigu jauzi bat gehiago emateko”. Internazional argentinarrak bi urte hauetan izan duen “hazkundea” onartzen du. “Oso plantilla ona dugu, onenekin entrenatzen gara, talde teknikoa oso ona da, maila handikoa, eta horrek guztiak haztera behartzen zaitu”, azaldu du ñabardura bat eginez, “exijentzia osasuntsu batekin hazteko aukera ematen dizute, eta hobekuntza hori bakarrik ateratzen da, giroan egoteagatik”. "Klubaren aukera eta konfiantza horrek asko esan nahi du niretzat, eta niri emandakoa pixka bat itzuli ahal izatea espero dut" gaineratu du.
Azkenik, biak bat etorri dira taldeari gehiago eskatzean. “Goi mailan lehiatzeak ilusioa ematen dizu urtero zerbait irabazteko. Aurten Liga izan zen, baina datorren urtean zerbait gehiago nahi dugu eta lan handia egingo dugu hobetzeko”.