“Abuztutik ari gara lanean helburu horrekin, eta orain lortu dezakegun astean gaude” adierazi du gaur goizean Super Amara Bera Berako entrenatzaile Imanol Alvarezek. Gipuzkoarrek garaipena behar dute Unicaja Banco Gijonen aurka, igandean 18etan (La Arena, TDP), matematikoki txapeldun izateko.
Entrenatzaileak “minduta gaudela gure etxeko Kopako finala jokatu ezin izan dugulako, baina buelta eman behar diogu, patuak txapeldun izateko aukera ematen digu astebete geroago, motibazio handia da eta ez dago aitzakiarik kolpea gainditzeko” aitortu du. “Larunbateko partidaren amaieran esan nien bezala, dolua egon behar da, baina zenbat eta laburragoa izan, orduan eta hobeto” azaldu du. Horretarako, “Kopa alde batera utzi dugu. Beti bezala, porrotak aztertzen ditugu, hor ikasten dugulako gehien”. Gainera, taldea “justu” ikusten du, “baina jokoan dagoenarekin nahikoa izan behar duela uste du ere bai. Alvarezek adierazi du, halaber, “hiru partidako tartearekin Liga irabaztea gutxitan lortu dela (Bera Berak, inoiz ez), eta positibotzat jo du zaleak Xixongo La Arena pabiloian egotea, “gure alde egingo dutelako”. Zortzigarren Liga litzateke, hirugarrena jarraian, baina aurreko biak ezin izan ziren zaleekin harmailetan ospatu.
Entrenatzaileak “taldea bizirik ikusten dut, erreakzionatzeko gaitasuna izan zuen larunbatean eta Xixonen irabaz dezakegula” uste du. “Beraiek ere galtzetik datoz, eta une txarrak igaro dituzte, horregatik, uste du lehenago errekuperatzen den taldeak aukera gehiago izango dituela”. Bere ustez “Xixonek ere konjuru txiki bat egingo zuten ondo amaitzeko eta Europan sartzeko borrokan aritzeko”.
Kolpe moralaz gain, iskiotibialetan June Loidiren lesioa utzi du Kopak. “Iristen bada, entrenatu gabe egingo du”, ohartarazi du Alvarezek, “Gure defentsa-sisteman pieza garrantzitsu bat gal dezakegu”. Taldeak bihar eta etzi izango ditu lan saioak Gascan eta igande goizean egingo du bidaia Xixonera Autocares Davidekin.