SUPER AMARA Bera Berak Mecalia Atlético Guardés hartuko du larunbatean Gascan 16ean (Alejandro Hoz y Axel Riloba, kantabriarrak) bi puntuak lortzeko asmoz sailkapenean tartea mantentze aldera.
Unicaja Banco Gijón taldeak Lanzaroten irabazita donostiarrak ezin dira txapeldun izango matematikoki larunbat honetan. Honek ez zuen Imanol Álvarez kezkatzen eta Guardés nola gainditu aztertzen jarraitzen du. Atzo gol batez irabazi zuten galizarren arteko derbia O Porriñon (21-22).
“Azken urtetan etxean irabazi diegu baina partida bakoitza ezberdina da” azaldu du Álvarezek. “Urtez urte antza taldea ahulago da baina Pradesen zuzendaritzapean beti dago goiko postuetan, iaz inork gutxik espero ez bezala bigarrenak gelditu ziren”. “Orain puntuak behar dituzte Europarako saikatzeko eta arriskutsuak dira” gaineratu du.
Jokuaz, Guardesek “erasoari jarraipena eman dio, zentralak deskonzentratzen saiatuko dira eta kanpoko jaurtiketan ere arreta jarri behar dugu”.
Bere taldeaz galdetuta, egun ez da Fernandesen partaidetza zihurtatu. Eta Koparen gainean, berretsi du “ez dugu ezer berezirik egin”. “Ligako jardunaldiak dira hizpide, Kopa urruti ikusten dugu oraindik eta seinale ona da”. “Liga prestatzen ari garen bitartean taldea hobetzen ari da eta, zeharka, Kopa ere prestatzen ari gara” amaitu du.