Bihar, apirilak 1, Bera Beraren lehen titulua lortu zuela hamabost urte beteko dira. 2007an L’Elianan antolaturiko Kopan izan zen. Gipuzkoarrak 16. Fase finalari ekin zioten eta aurreneko urtean laugarren finalean ere amore eman zuten, gol bakar batez, Leonen Ribarrojarekin (26-27).
Orduan Akaba Bera Berarekin L’Elianan izan ziren: Michaela Ciobanu eta Llanos Trigueros atezainak, Esme López, Matxalen Ziarsolo, Verónica Valverde, hegaleko jokalariak; Zulai Agirre eta Izaskun Arruzazabala pibotean; Tati Garmendia, Patri Pinedo, Raphaelle Tervel, Ana Petrinja, Ixone Mínguez, Natasha Krnic eta Svetlana Obucina lehengo lerroan. Libe Altuna lesionaturik egon zen ia denboraldi osoan eta Kopa ere galdu zuen. Entrenatzaile moduan Tati Garmendia (entrenatzaile eta jokalaria), Ane Karrere eta Amaia Ramírez.
Final-laurdenetan, donostiarrek finalerdietarako txartela Itxakoren aurka jarri zuten jokoan. Akaba Bera Berak gol bakar batez irabazi zien nafarrei (29-28), Ziarsolok zortzi gol egin zuelarik, Esme López eta Tervel (egun Bessançoneko entrenatzailea) jokalariek seina, Patri Pinedok lau, Garmendiak hiru eta Zulai Agirrek, bi.
Hurrengo egunean atsedena hartu zuten baina Tati Garmendiak hotelean ohean gelditu behar izan zuen neumoniak jota, finalerdia eta finala galduz. Martxoaren 31n, Akaba Bera Berak partida bikaina jokatu zuen Eldaren aurka (28-34), orduan Eider Rubio eta Susana Fraile gipuzkoarrak bertan zirela, Federazioko egungo zuzendari teknikoa Ángel Sandoval entrenatzaile zela. Atsedenaldian 13-15 aurretik zen Akaba Bera Bera eta bigarren zati erdialdean tartea ireki zuen markagailuan. Patri Pinedo eta Tervel jokalariek zortzina gol egin zuten; Zulai Agirrek, sei; Ziarsolok, bost, Esme Lópezek, Verónica Valverdek eta Ana Petrinjak, bina eta Natasha Krnic jokalariak, bat.
Bosgarren finala
Eta finalean, Ribarroja, orduko Ligako eta Kopako txapelduna. Donostiarrentzat Kopako bosgarren finala zen: Pinton 1993an, Donostian 1996n, Eldan 1997an eta arestian aipaturiokoa, Leonen 2006an. Akaba Bera Berak partida irauli egin behar izan zuen, atsedenaldiko 14-10, alegia. Eta Ciobanuren geldiketei esker egin zuen, izan ere, bigarren zati bikaianak burutu zuen atezainak, hiru penalti geldituz, besteak beste, eta finaleko MVPa lortuz. Horrez gain, Petrinja, Patri Pinedo eta Tervel eraginkorrak izan ziren sei metroetan, Agirre pivotean eta Esme López eta Ziarsolo, hegaletan. 45. minutuan, donostiarrek menperatzen zuten norgehiagoako (18-20), baina Ribarroja gerturatu zen 21. minutuan (20-21). Petrinjak penaltiz sartu zuen gola, ondoren Ziarsolok kontraerasoan; Patri Alonsok tartea murriztu zuen eta bi minutu baino gutxiago falta zela eta jokalari bat gutxiagorekin Esme Lópezek trebezi handiarekin gola sartu zuen (21-24). Finalak ezin zuen ihes egin Marta Manguek gola sartu arren, Esme Lópezek erantzuna eman ziona 22-25 markagailuan jarriz eta Kopan Valentziarren hegemonia apurtuz, bigarren ediziotik irauntzen zuena. Golegileak: Esme López, Tervel eta Petrinja (5), Agirre (4), Ziarsolo (3), Pinedo (2) eta Krnic (1).
2007ko apirilak 1: L’Elianak emakumezkoen eskubaloi talde onenen artean kokatu zuen Bera Bera, ibilbide liluragarria osatuz 20 tituluekin: zazpi Liga (2013, 2014, 2015, 2016, 2018, 2020 eta 2021), sei Kopa (2007, 2009, 2013, 2014, 2016 eta 2019an) eta zazpi Superkopa (2008, 2012, 2013, 2014, 2015, 2016 eta 2018an), aurten ere jarraipena eman nahi diona.