SUPER AMARA Bera Berako entrenatzailea Imanol Álvarez gaur goizean komunikabideen aurrean agertu da biharko partidaz mintzatzeko, izan ere, bere taldeak Visitelche.com Elcheri egingo dio bisita Esperanza LAG kiroldegian (20,30etan Teledeporte, José Alberto Macías eta Ernesto Ruíz, andaluziarrak), Maitane Etxeberria nobedade delarik.
Zentzu honetan, Bera Berarekin bihar 150 partida beteko dituen entrenatzaileak onartu du jokalari internazionalak “aukera gehiago ematen dizkigu, eskuin hegaleko jokalari bat delako eta agian Ligako defendatzailerik onena”. Azken bi partidetan baja izan arren “baina taldeak eutsi dio berarik gabe” adierazi du Álvarezek.
Elxetarren eta gipuzkoarren arteko 45 lehia izango da, horietatik 21 jokatu dira Elxen, gipuzkoarrak nagusi izan dira 14 aldiz eta behin berdindu dute. Halera, Álvarezek gogorarazi du azken urtetan “gehien irabazi digun aurkari da, ondorioz, erronka moduan hartu behar dugu”. Eta konfiantza hizpide. “Lasai nago –onartu du- oso partida konplikatua da gure egungo sasoia neurtuko duena, eraso joku bolada onean gaude eta biharkoa froga bat da guretzako, horrez gain, espero dut Porriñoren aurka bezain indartsu defendatuko dugula, Elxeri gol errazak sartzen saihestuz”.
Izan ere, “partidaren garrantziaren jabe da plantilla, zentzuk diren gure indarguneak eta egin beharrekoa”. “Elxeren aurka aritzea beti da gogorra, zaila, ondo egotea behartzen zaitu, defentsa indartsua izango da, lerroak igoko dituena, paseak presionatuko dituena eta botea lapurtzen saiatuko dena, beste modu batera jokatu behar dugu, alegia, lasaitasuna behar dugu une gozoenetan eta zailenetan ere bai”. Bere ustez, “larunbatean bezala defendatzen badugu korrika egiteko aukera izango dugu eta eraso posizionalean minutu gutxiago egongo gara”.
Elxeren irregularatsunaz galdetuta, gipuzkoarrekiko hamar puntura egonik, Álvarezek onartu du “hain urruti egotea ez da normala, jokalarik garrantzitsuak galdu ditu baina Rocamorak beti ateratzen ditu gazteak eta defentsa sistema oso landuta dute”. Bere ustez, hiru garaipen erreskadan daramen Elche taldea “ligako epaia izan daiteke”.