SALTO Bera Berak bosgarren garaipena jarraian lortu du eta sailkapeneko hirugarren postura igo da, Abeconsa Basketmi Ferrol taldeari 41-59 irabazi ondoren. Partida uneoro kontrolpean izan zuen talde donostiarrak, eta bajek ez zuten arazorik sortu. Espero dugu hurrengo partidarako, bigarren sailkatuaren aurka Bidebietan, jokalari guztiak prest egotea.
Iker Iglesiasek zuzentzen dituen jokalariek abantailaz ekin zioten partidari, 0-7ko partzialarekin. Talde galiziarrak ondo erreakzionatu zuen joko antolatuarekin, baina gureek aldea mantendu eta laurdena 8-11 amaitzea lortu zuten.
Bigarren laurdena antzera hasi zen, erasoan huts asko eginez eta jokoan presaka arituz. Denbora-eskaera pare baten ondoren, taldea antolatu eta banakako jokaldi bikain batzuei esker, alde handitzea lortu zuten. Atsedenaldira 10 puntuko aldearekin iritsi ginen (20-30).
Atsedenalditik bueltan, partida bizia izan zen. SALTO Bera Berak abantaila mantendu zuen, nahiz eta bi taldeek erasoan huts ugari egin. Hirugarren laurdena 30-41 bukatu zen.
Azken laurdena ikuskizun hutsa izan zen ikusleentzat, baina agian ez entrenatzaileentzat, ordenaren aldekoak baitira. Joko azkarrean donostiarrek asmatu zuten gehiago, 18 puntu lortuz eta defentsan ondo lan eginez. Azkenean, 41-59ko emaitzarekin, bosgarren garaipena jarraian eta sailkapeneko hirugarren postua ziurtatuta.
Hurrengo hitzordua martxoaren 15ean izango da, 18:00etan Bidebietan, bigarren sailkatuaren aurka. Guztiok behar zaituztegu harmailetan!