Harrobiko taldeek sei partida jokatuko dituzte asteburu honetan, izan ere, kadete mutilen eta senior nesken taldeek atsedena hartuko baitute. Larunbatean, Loterías Ligako Bera Berak Jofemesa Oviedo Bidebietan (19etan) hartu aurretik, 13,15etan infantil nesken mailan Bera Berak Hernani ET izango du aurrean Foru Aldundia txapelketan eta Gipuzkoako Kopan, 16etan, Bera Bera kadete nesken taldeak Ereintza A hartuko du.
Bihar larunbata, Bera Bera Bi infantil nesken taldeak Zumaiara egingo du bidaia eta 10,15etan Lubaki kiroldegian Brakis Pulpo izango du zain. Maila berean, 12,15etan Oñatin Aloña Mendik Bera Bera Bat hartuko du.
Igandean, berriz, Bera Bera infantil mutilen taldea Yoldin arituko da Egiaren aurka 9,30etatik aurrera.
Apirilean etxerako lanak egin ostean, Telden lortutako garaipena medio, Bera Berak Rocasa harrapatu zuen lidergoan eta adina puntu izan arren, gol average delakoari esker gipuzkoarrak dira aurretik. Maiatzean, Loterías Ligari amaiera jarriko diote azkeneko lau jardunaldietan.
Bera Berak larunbatean Bidebietan (19etan) Jofemesa Oviedo hartuko du, mailari eusteko lanak izango dituen taldea, izan ere, zortzi puntu jokoan direnean Elche Mustang taldea zazpi puntura du.
Horren ostean, Bera Berak bi partida jarraian izango ditu etxetik kanpo. Maiatzaren 14an, 19etan, Lasesarren Prosetecnisa Zuazo Barakaldo izango du aurrean, Kopako finaleko aurkaria. Hurrengo jardunaldian, Leonen jokatuko du Bera Berak ordutegi bateratuan (19etan), Carobels Clebaren aurka, non azkeneko bi denboraldietan berdinketa baino ez duen lortu, hori bai, helburuak behin lortuta. Denboraldiari amaiera Bidebietan maiatzaren 28an (19etan) Helvetia Alcobendasen aurrean.
Bestetik, maiatzaren 11ra arte atzeratuko du Rocasak 23. Jardunaldia, Challenge Cupeko finaleko itzulera partidari larunbatean ekingo diolako, Turkiako Kastamonu taldearen aurrean eta lau goleko abantailarekin. Kanariarrek Alcobendasen zain izango dute Helvetia (20etan).
Horren ostean, Telden Canyamelar Valencia hartuko dute, Granollersera egingo dute bidaia eta Clínicas Rincón Málaga taldearen aurka Ligari amaiera jarriko diote.
Bera Berak eta Rocasak Loterías Ligan ibilbide bera burutu dutenez, A Guardan galduta eta norgehiagoka zuzenak kanpoko taldearen aldekoa, edozein akats erabakiorra izango da Liga eskuratzeko.
Bera Berako harrobiko taldeek jokaturiko zazpi partideetatik, bost garaipen eta bi porotak. Senior mailako Gipuzkoako Kopan, Bera Berak gol bakar batez irabaztea lortu zuen Errenterian Ereintza Barymont taldearen aurka (26-27).
Bestetik, kadete mailan, neskek garaipena lortu zuten Elgoibarren Astigarraga Gys (23-25) taldearen aurka eta mutilak 30-19 nagusi Legazpiko La Salleren aurrean Bidebietan jokaturiko partidan.
Infantil mailan, mutilek 33-28 irabazi zioten Udarregi B Usurbil taldeari eta nesketan, Bera Bera Bat taldeak 12-20 galdu zuen Urnieta Kamox Precision Machining taldearen aurka, Bera Bera Bik 7-23 Aiala Arekin eta garaipena Bera Bera Hiruk lortu zuen Bergaran (6-32).
Kopako XXXVII edizioa ez ezik ligako bi puntuak ere bereganatzeaz gain, Bera Berak O Porriñon historiako 21.000 eta Ligako 17.000 gol kopuruak gainditu ditu. Datu hauek Juan Carlos Elorza kazetariak bildu zituen eta bertan Liga, Kopa, Superkopa eta Europako lehiaketak kontutan jasotzen ditu.
Kasualitatez, Ana Martínez izan da 21.000 gola eta 17.000 gola egin duen jokalaria. Aurrena, Kopako finalean izan zen, Zuazoren aurrean, 2-3 ezarri zuen elxetarrak markagailuan 4. minutura iritsi aurretik. Kopan, gainera, 1.500 gol kopurura iristeko gol bakarra falta zitzaion. Eta lehengo larunbatean, O Porriñon berriro, Ana Martínezek penaltiz sartutako gol batekin, 1-4 markagailuan, Bera Berako 17.000 gola ligan suposatu zuen.
Gol bitxi hauen zerrendan sartu da Ana Martínez. Bertan dira Libe Altuna (historiako 17.000), Eli Pinedo (18.000), Patri Elorza (19.000) eta Maitane Etxeberria (20.000). Eta Ligan Pinedok egin zuen 14.000., Etxeberria 15.000, eta Ederra 16.000.
Bera Bera Eskubaloiak beste urrats bat eman du Loterías Ligan dituen helburuetan BM Porriño gaindituz (23-26, 9-17 atsedenaldian).
Montse Pucheren jokalariek indartsu ekin diote norgehiagokari. Pinedok lehenengo gola egin du, Arrojeriak jarraitu dio eta ondoren Martínez eta Sans piboteak (6 min. 1-5). Izan ere, Puchek bere hasierako zazpikote gustokoena atera du berriro, Temprano atepean, Sans eta Martínez erdian, ondoan Arrojeria eta Menéndez eta hegaleetan Pinedo eta Etxeberria.
BM Porriño gerturatu da Alba Dapena eta Vieira Lopes (3-5) jokalarien golak medio baina Martínezen hiru gol eta Pinedo eta Menéndezenak, Bera Bera erritmoa altua ezarri du (4-10). Abel Estévez entrenatzaileak partida gelditu zuen lehendik baina gipuzkoarrek asmatu dute, oraingo honetan Pinedo eta Sans bitartez. Porriñoko entrenatzaileak berriro gelditu du partida baina atsedenaldian Bera Berak mantendu du abantaila Etxeberria, Bea Fernández, Alicia Fernández eta Múgicaren goleekin, azken hau penaltiz.
Bigarren zatian, Zugarrondok Temprano ordezkatu du. Porriño saiatu da tartea murrizten, sei goletara jarri da (40. min 14-20), baina segituan Bera Berak gauzak bere onera ekarri ditu Menéndez, Ezkurdia, Múgica eta Etxeberria (16-24) jokalarien golekin. Penaltiaz gain Puchek minutuak eman dizkio defentsan Maialen Múgicari eta partida erasoan ere amaitu du alboko jokalariak. Lizarbe eta Husillos, senior mailako jokalariak ere atera dira Porriñoko pistara.
Hortaz, beste bi puntu, espero baino eroso joan den partida batean. Orain maiatzean sartuko da liga, lau jardunaldi besterik ez. Hurrengoan, Bera Berak Jofemesa Oviedo hartuko du Bidebietan larunbatan 19etan.
Ficha: BM Porriño 23, Bera Bera 26
BM Porriño 23 (9+14): Sánchez, Costas (3), Andrea Dapena (1), Alba Dapena (2), Vieira (4), Rivas (2), Sara Gil, Pérez (4), Prieto (1), Cerqueira (3), Orsolya (1), Martínez, Terés (2), López, Mata, Sanjuan (o.a.)
Bera Bera 26 (17+9) : Temprano, Etxeberria (2), Menéndez (2), Ederra, Arrojeria (2), Martínez (4) eta Pinedo (5) –titular- Sans (3), Alicia Fernández (2), Bea Fernández (1), Yáñez, Ezkurdia (1), Múgica (4 p), Lizarbe, Husillos eta Zugarrondo (o.a.).
Epaileak: Alberto Hermoso eta David Monjo (Madril)
Kanporatuak: Cerqueira eta Martínez BM Porriñotik eta Sans (2), Yáñez, Etxeberria eta Menéndez Bera Beratik.
Partzialak: 1-3, 3-6, 3-8, 4-10, 7-13, 9-17 –atsedenaldia- 11-18, 14-20, 15-22, 16-23, 19-25 eta 23-26