“Arriskua baino, aukera bat da Champions jokatzea”
Bera Berako presidente Fernando Diez Mintegi eta eskubaloi arloko ardurandun Tati Garmendia komunikabideen aurrean agertu dira gaur Kirol Etxean datorren denboraldian Champions League jokatzeko erabakia azaltzeko.
Bera Beraren arduradunen ustez “Champions League jokatzea arriskua baino, aukera bat da”. “Azkeneko 23 urte hauetan aurreneko aldiz Liga irabazi dugu eta Championsa jokatzeko hautua egin dugu aukera bat delako, bai baliabideak lortze aldera bai hiriari kirol ikuskizun aparta eskaintzeko” azaldu du Fernando Diez Mintegik.
“Champions jokatu ahal izateko babesle baten beharra aipatu genuen, halere, askoren ekarpenekin aurrekontua osatzeko helburua lortuko dugula uste dugu” adierazi du presidenteak. Azalpenean, Diez Mintegik argitu du “funtsean, Europa jokatzea ala ez jokatzea zen erabakia, EHF edo Errekopan aritzea antzekoak dira, kanporaketa berdinak jokatuko ditugulakoan”. Egindako gestioak lagun, “pista egokitzeko kostuak Eusko Jaurlaritzako kiroletako zuzendari Jon Redondok beregain hartu zituen eta ETBk zuzenean eskainiko lituzke lehenengo faseko hiru partidak”.
Halere, Fernando Diez Mintegik onartu du “aurrekontuaren %15a osatzea falta zaigu, hau da, 100.000 euro gutxi gorabehera, eta aukera guztiak zabalik ditugu –jarraitzen du presidenteak- babesle nagusia bat, inbertsioaren itzulera taldeak emango lioken oihartzuna bermatzen delarik, edo ekarpen urriagoak, guztiak desgrabazio fiskalak dituztelarik”.
Horregatik ‘Erronka honekin bat egin’ leloa aldarrikatu du, “ehun enpresek mila euroko ekarpena egitea da helburua denboraldiari zuzen ekiteko”. Horregatik, “lanean jarraituko dugu aurrekontua osatzeko eta emakumeen eskubaloiko Champions League bezalako kirol ikuskizun aparta Gipuzkoako gizartearekin gozatzeko”.
Arlo instituzioetan izandako murrizketak direla eta, klubak ere gerria estutu du. Tati Garmendiaren esanetan “jokalariek esfortzua egin dute eta plantilla indartuko da baliabideen arabera”. Bere ustez, “aukera bat da, jokalari bezala Europako talde indartsuenen aurka jokatu nahi dugulako eta kusle bezala Europako txapeldunak Donostian ikusteko aukera liluragarria izanik da eta ezin diogu ukorik egin, nahiz eta guztiok gehiago jarri behar dugun”.
Gipuzkoako Foru Aldundiak emango duen subentzioaz galdetuta, Fernando Diez Mintegik berretsi du “eskerrak eman behar diegu instituziei gu orain hemen gaudelako”, horrez gain, ziur dago “gure aurrekontuan jarrita dagoen kopurua baino gehiago izango da ekarpena” halere, “Gipuzkoako gizarteak gure erronkarekin bat egiteko deia” luzatu du deia.