Bi zatietako azken minutuetan galdu du Bera Berak Nantesekin (25-30)
Bera Berak galdu egin du gaur arratsaldean Nantes Loire Atlantique (25-30) taldearen aurka aurredenboraldiko lehen lagunartekoan, Josean Gasca kiroldegian jokatu dena. Bretainiako taldeak nabarian ageri du egun gehiago daramala lanean, partidako bi zatietako azken minutuetan aprobetxatu duena berau poltsikoratuz.
Montse Pucheren aurreneko zazpikotean iazko jokalariak. Temprano atepean, Arrojeria zuzentzen, Menéndez eta Martínez alboetan, Ederra pibotean eta Ezkurdia eta Pinedo hegaletan. Donostiarrak fin hasi ziren erasoan, 4-2 aurreneko partzialean baina Nantesek segituan berdindu zuen (10. nin, 6-6).
Pucheren jokalarientzat lehen lagunartekoa zen eta bretonentzako, hirugarrena, bezperan Zuazo gainditu zuten Barakaldon (19-24). Partidak intentsitatea zuen baina Bera Berak ez zuen defentsa sendo, erasoan Martínez fin zegoen, aldiz (10-9).
Múgica lesionaturik, Etxeberriari atsedena eman dio Puchek eta jokalari berriak sartu ditu: Ziarsolo, Alicia Fernández, Judith Sans, Zugarrondo eta gazteak. Nafarrak geldiketa onak egin ditu eta bere taldeak abantaila lortu du (20. min. 12-9). Baina frantziarrak esnatu dira eta 2-7 amaitu dute lehenengo zatia, atsedenaldira 14-16 aurretik iritsiz.
Bigarrenean, tarteak mantendu ditu Nantesek eta ondo kudeatu. Defentsan nagusitu dira erasoen aurrean eta lehenengo zatian bezala, bretoiarrek azken minutuetan ireki zuten aldea, Bera Bera erasoen hutsuneak aprobetxatuz eta partida bereganatuz 2-5 partzialari esker.
Hortaz, aurreneko lagunartekoa izateko froga ona, aurkariak egun gehiago daramazki lanean eta Bera Berako hiru jokalari berriak oraindik taldeari egokitu behar dira.
Fitxa:
Bera Bera 25 (14+11): Temprano, Ezkurdia (1), Martínez (7), Arrojeria (1), Ederra (1), Menéndez (4) eta Pinedo (3) –titular- Ziarsolo (3), Sans (2), Fernández (2), Yáñez, Lizarbe, Ramon, Husillos (1) eta Zugarrondo (o.a.)
Nantes Loire Atlantique 30 (16+14): Callave, Coatanea (4), Godel (3), Prudhomme, Lovric (5), Escribano (2); Marchal, Schop; Stoilikovic (5), De la Breteche (7), Lignieres (4), Chesnzau, Abba, Soulard, Lovisson eta Ranikova
Epaileak: Mikel Burguera eta Markel Garralda (Euskaldunak)
Kanporatuak: Arrojeria, Martínez eta Ederra Bera Beratik eta Godel, Schop eta Lovric Nantesetik.
Partzialak: 4-2, 6-6, 10-8, 12-9, 13-13, 14-16 –atsedenaldia- 18-20, 19-21, 21-23, 23-26, 23-28 eta 25-30