Pinedo, Temprano eta Martínez, beste urtebete Bera Berarekin
Bera Bera Eskubaloiko arduradun Tati Garmendiak gaur goizean taldeko zutabe nagusienetarikoen kontratuen luzapena iragarri du, hau da Eli Pinedo, Ana Temprano eta Ana Martínezek hurrengo denboraldian Bera Beran jarraituko dute.
Garmendiak eskertu die hiruei “Bera Beran segitzeko egin duten apustua” eta adierazi du datorren urteko taldeak “eskarmentu handiko jokalariak eta gazteaz osaturik egongo dela”.
Jokalariak, bestetik, pozik agertu dira eta taldea “lekurik gorenean mantentzeko asmoa” azaldu dute. Pinedok onartu ditu atzerriko eskaintzak baina bertan gelditzea erabaki du “hemen oso gustora nagoelako eta tituluak irabazten jarratzeko nahiz eta taldean aldaketak eman arren”. Era berean “babesle pribatuen inplikazioa” eskatu du “balore positiboak zabaltzeko”.
Tempranok ere poza adierazi du eta bere ustez “etorriko diren fitxaketak tituluak irabazi nahiko dituzte eta guk taldean ahalik eta ondoen sartzen lagundu behar ditugu”.
Lehenengo lerroko jokalari Ana Martínezek uste du “Bera Berak frogatuko du berriro ligako aurreneko postuetan egongo dela”.
Europako lehiaketaz galdeturik, Tati Garmendiak azaldu du “ekainaren 9ra arte epea dugu Champions Leaguen izena emanteko. Tarte honetan informazioa jasoko dugu, ziur aski atarikoa jokatu beharko dugu baina babesle garrantzitsurik gabe uko egingo diogu eta EHFn jokatuko dugu”.