Bi etenaldien artean –hurrengoa Aste Santua dela eta- ligako 19. jardunaldia jokoan izango da eta nobedadea da Bidebietatik at hartuko duela Bera Berak Canyamelar Valencia taldea (Javier Gutiérrez –kantabriarra- eta Sergio Elordui –euskalduna-), hortaz, bihar (19,30etan) Zarauzko Aritzbatalde izango da donostiarren etxea, ZKEk betetzen duen 50. Urteurrenaren baitan.
Azkenean Maite Zugarrondo ez da deialdian izango eskuin sorbaldako errehabilitazioarekin jarraitzen duelako. Ondorioz, Alcobendasen bezala, Udane Rodríguez izango da bigarren atezaina. Bestalde, zerrendan izango da Uxue Ezkurdia hegalekoa.
Ligan Bera Bera estu hartu zuen lehenengo taldea izango dute aurrean gipuzkoarrek. Izan ere, donostiarrek Valentzian partida irauli egin zuten, azken jokaldian erabaki zena, Pinedoren hegaletik sartutako golari esker. Horregatik, barneratuta dago Canyamelar Valencia taldeak lanak emango dituela eta defentsan nahiz erasoan estutuko dute Bera Bera. Horrez gain, Aritzbatalden aritzeak zalantzak sortu ditzake baina zaletuek asko bultzatuko dutela ez dago zalantzarik.
Etxetik kanpo bederatzi partida jokaturik, Canyalmelar Valencia taldeak hiru irabazi ditu: Granollers, Málaga eta Alcobendasen eta Leonen berdidu zuen. Bataz beste 28 gol baino gehiago jaso ditu eta 25,6 sartu. Bestetik, Bera Berak Bidebietan 26 gol baino zertxobait gehiago daramazki eta 20 baino gutxiago jaso.
Gipuzkoan geldituko da Montse Puche
Tati Garmendiarentzat pistatik taldea zuzenduko duen azken partida izango da biharko. Alcobendasen bezala, Montse Puche izango du lagun –Canyamelar Valencia taldeko entrenatzaile Susana Parejaren taldekidea izan zen-. Bera Berako entrenatzaile berria larunbatean iritsiko da Donostiara eta bertan geldituko da, hau da, datorren astelehenean Bidebietan aurreneko entrenaldia zuzenduko du eta taldeko ardura hartuko du.